Otsaila erditik hasi eta martxoa bukatu bitartean Goizuetako Udalak, Kultur Taldeak eta Euskara Zerbitzuak lau jarduera antolatu dituzte adin guztietako herritarrentzat.
Otsailaren 13an, larunbatean, abiatuko dute ibilbide kulturala. Eli eta Manex Pagolak beraien azken diskoa aurkeztuko dute 18:30ean Ganbaran. Eliren bertsoei Manex anaiak jarritako doinuekin alaituko dute arratsaldea.
Bi asteren burura, otsailaren 27an, larunbatean, Artikutzaren trenaren historia kontatzen duen Burnizko potoa komikia aurkeztuko dute Jokin Mitxelena, Antton Kazabon eta Antton Mendizabal egileek 18:30ean Ganbaran.
Martxoaren lehendabiziko igandean, martxoaren 7an, Lurdes Iriondo idazlearen Hego haizearen ipuinak kontatuko ditu Amaia Elizagoienek. Hitzordua 18:00etan Ganbaran adostu dute.
Azkenik, martxoaren 27an, larunbatean, Txikiren 40 urte eta aldapan behera niek/n umorezko bakarrizketa eskainiko du 18:30ean Ganbaran. Txartelak martxoaren 18tik aurrera eskuragai izanen dira estankoan bost euroren truke.