Aritz Zubiri goizuetarra Oriamendi txapelketako lehen garaipenaren bila kantxaratuko da gaur

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 9a, 09:00

Aritz Zubirik Oriamendi txapelketako lehen partida galdu egin zuen joan den ostegunean.

Etxarrirekin bikote eginez, Mirubia eta Martirenaren kontra ariko da astearte arratsaldeko bostetatik aurrera Galarretan

Etxarrik eta Aritz Zubiri goizuetarrak joan den ostegunean 40-19 galdu zuten Oskar Urrutia II.a saldiastarra eta Aizpuru III.aren kontra Oriamendi Torneoko aurreneko partiduan. Gaur bigarren partidua izanen dute Etxarrik eta Zubirik 17:00etatik aurrera Galarretan. Bertan, Mirubia (garai batean Etxabe II.a) eta Martirena izanen dituzte aurrez aurre. Partidu hau orain hamabi egun zegoen iragarrita, baina hezetasunaren ondorioz bertan behera gelditu zen. 

Tartean beste jardunaldi bat jokatu da eta azkenean bihar berreskuratuko dute partidua, egutegia bere onera itzuliz. Mirubia eta Martirenaren aurreneko partidua da eta Etxarri eta Zubirirentzat bigarrengoa.
Gogoratu Oriamendi Torneoan sei bikotek hartzen dutela parte eta lehenengo fasean denek denen aurka ariko dira. Bikote bakoitzak bost partida izanen ditu eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sartuko dira. Azkenengo biak kanporatu eginen dituzte. Etxarri eta Zubirik gaur galduz gero azken hiru partiduak irabazteko beharra izanen lukete seguruenik. 
Segurola eta Zaldua I.a Oriamendi Torneoko ligaxkan lider daude sei punturekin, baina bi partidu jokatu dituzte eta beste bikote denak norgehiagoka gutxiago dituzte sailkapenean. Bigarren postuan daude lau punturekin berdinduta Urrutia II.a-Aizpuru III.a eta Goikoetxea V-Labaka. Punturik gabe, ez dutelako partidurik jokatu, laugarren daude Mirubia eta Martirena eta puntu negatiboa dute Zaldua II.a-Larrañaga eta Etxarri-Zubirik. 


Ostegunean beste bi partidu jokatuko dira

Oriamendi Torneoak etzi, ostegunean, jarraituko du beste bi partidurekin. 17:00etan hasiko da jaialdia eta lehenengo partiduan Zaldua II.a eta Larrañagak, Goikoetxea V.a eta Labakaren aurka jokatuko dute. Bigarren partiduan neurtuko dira Mirubia-Martirena eta Urrutia II.a-Aizpuru III.a. 

Honela, osteguneko biak jokatzean bikote guztiek bi partida izango dituzte jokatuak eta sailkapena benetan nola dagoen ongi ikusiko da.

Gogoratu behar da Galarretan ateak itxita daudela eta ikuslerik gabe ari dira jokatzen txapelketa eta partida guztiak. Oriamendi Torneoa ez da salbuespena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun