Nafarroako Memoriaren Institutuak hogei bat desobiratze eginen ditu aurten, horietako bat Aranon

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 6a, 09:00

Leranotzen, Esteribarreko kontzejuan, egindako desobiratze baten artxiboko irudia.

Nafarroako Memoriaren Institutuak aurten hogei bat desobiratze egiteko asmoa du, Espainiako Gerra Zibilaren testuinguruan gerrillari antifaxisten errepresioarekin lotutako hobiak egon daitezkeen lekuetan. Desobiratze horietako bat Aranon eginen dute.

2016. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutuak hainbat hitzarmen sinatu ditu Aranzadi Zientzia Elkartearekin, eta 100.000 euro bideratzen ditu urtean, lan horiek egiteko. Ikertzaileen, teknikarien, senideen eta memoria-elkarteen arteko lankidetzaren ondorioz, frankismoaren errepresioaren 114 biktima lurpetik ateratzea lortu da.

Aurten 70 biktima baino gehiago bilatzea aurreikusi dute, horietako 13k izen-abizenak dituzte, baina gehienak pertsona anonimoak, presoak, zibilak, San Kristobal gotorlekutik ihes egindakoak eta makiak dira.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 22 kokaleku baino gehiagotan (pistak, bideak, laborantzarako lursailak, eta abar) bilatuko dituzte, eta, horien artean, Odieta, Esteribar, Lerin, Izako Zendea, Imotz, Ezkabarte, Berriozar, Aibar, Berriobeiti, Larrion, Ultzama, Isaba, Arano, Armañanzas, Zizur Nagusia eta Araitz herrietan.

Jarduerak aste honetan aurkeztu dituzte memoria historikoaren aldeko elkarteen mahaian. Mahai horretan AFFNA36, Txinparta, Amapola del Camino, Asociación Pueblo de las Viudas de Sartaguda eta Areka elkarteek parte hartu dute.

Jarduera-plan honek, aurreko urteetan bezala, memoria historikoaren elkarteek eta ikertzaileek frankismoaren errepresioari buruz egindako proposamenak biltzen ditu. «Aldaketak ditu, lokalizazio-lanek dakarten zailtasuna dela eta. Horietako asko belaunaldiz belaunaldi izandako ahozko testigantzetan oinarritzen dira, edo lur eremu horiek denbora igaro ahala izan duten aldaketen mende daude», Nafarroako Memoriaren Institutuak adierazi duenez.

114 gorpu berreskuratuta eta 26 biktima identifikatuta

Berreskuratutako 114 biktimetatik, 2016ko irailean martxan jarritako eta Nasertic enpresa publikoak kudeatutako DNA Bankuari esker, 26 gorpu identifikatu ahal izan dituzte. Bitarte horretan, 252 espediente ireki dira. «Identifikazio-lanak konplexuak dira, eta, batzuetan, bideraezinak, hezur-hondarrak degradatu direlako edo emaile egokirik ez dagoelako; baina bide horiei esker amaitu daitezke erreparazio-prozesuak, gorputzak beren familiei entregatuta», adierazi du INMk.

Lan horietan, Nafarroako Gobernuak 288.000 euro inbertitu ditu 2016 eta 2020 artean. Gainera, 210.000 euro gehiago gehitzea aurreikusi dute 2023ra arte. "Nafarroako Gobernuak biktimen bilaketarekin duen konpromisoa irmoa da", adierazi du erakunde horrek. "Hobiak aurkitzeko zailtasunez jabetuta, denborarekin areagotuta", beste dei bat egin diete herritarrei, "lekuren bat ezagutuz gero, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jartzeko".

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun