COVID-19: Elkarrizketak

«Zinez garrantzitsua da zintzoki kontaktuen zerrenda osoa ematea»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 14a, 08:00

Lucia Etxeberria Aranaz goizuetarra Iruñeko Refena eraikinean aritzen da aztarnari lanetan.

Lucia ETXEBERRIA ARANAZ, Goizuetako aztarnaria

Pandemia hasi zenetik Covid-19ari lotutako kontuekin ari da lanean goizuetarra. Besteak beste, joan den maiatzetik aztarnaria da. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren olatuen lekuko izaten ari da.

«Aste eta hilabete gogorrak» heldu direla dio Lucia Etxeberria Aranazek (Goizueta, 1997). Eta badaki zertaz ari den, pandemiaren hasieratik, 2020ko martxoaren 16tik, Covid-19aren bueltan ari delako lanean: «hasieran, telefonoaren beste aldean herritarren zalantzak argitzen» ibili zen, baita «positiboen jarraipena egiten» ere, «osasun arloko profesionalei PCR probak kudeatzen» ere aritu da. Erizaina da ikasketaz, joan den maiatzaz geroztik aztarnari ari dena, Iruñean 200 laguneko aztarnarien lantaldean. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren olatuen lekuko izan da eta gaur egungo datuen atzean «harremanak zabaldu» izana dagoela uste du: «Abendu hasieran kasu bakoitzak bataz beste hurbileko bost kontaktu zituen, eta Eguberrietan positibo bakoitzak bataz beste 20 kontaktu zituen». Horregatik «elkar babesteko ardura» eskatu du. 

Nola azalduko zenuke zure lana?

Kasu positibo bakoitzaren inguruko aztarnari segitzean datza gure lana, zein eremutan kutsatu den ikertu eta positibo izanik inguruko zein kutsatu ahal izan dituen baloratzea. Hurbileko kontaktuak identifikatzen ditugunean, PCR proba baterako deitzen diegu, isolamendurako azalpenak ematen dizkiegu eta behar izanez gero laneko baja kudeatzen dugu.

Profesional nahikoa zarete?

Nafarroan aztarnari ari garenak 200 lankide inguru gara, Osasunbideko zerrendetan dauden administrariak, gizarte langileak, osasun hezitzaileak eta erizainak. Militarrak ere izan daitezke aztarnari. Oinarrizko formakuntza jasoa dugu baina protokoloak momenturo egokitzen dira eta batik bat lanean ikasten dugu. Plantilla zabala gara eta Nafarroan egunean eguneko kasu guztiak egitera ailegatzen gara. Bigarren olatua, ordea, oso gogorra izan zen, egun bateko edo biko atzerapenarekin hasten baikenuen kontaktuen ikerketa, eta horrek egoera asko okertu zuen.

Lan gogorra da?

Egiten dugun dei bakoitzean Covid-19aren eragina zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera daukagu. Covidagatik ospitalean dagoen gaixoaren senidearekin hitz egiten dugu, edota hurbileko baten galera izan duenarekin; isolatzeko zailtasunak dituztenekin edota ingurukoak kutsatu izanagatik errudun sentitzen den zaintzailearekin. Ez nuke esanen lan erraza denik, baina pixkanaka komunikatzeko gaitasuna edo enpatia landu dugu eta batez ere lankideen laguntzarekin gure osasun mentala zaintzen ikasi dugu.

 

Zein zailtasun izaten dituzue?

Egoera sozial eta ekonomiko konplexu batean gaudela esan beharrik ez dago. Kontuan izan behar dugu pertsona positibo bakoitzak bere egoera duela etxean, familian, lagunartean edo lantegian eta honek isolamendua egiteko garaian eragiten du. Badago isolamendua erraz egin dezakeen jendea, gela bakar bat komun propioarekin daukana, baita telelana egin dezakeena edo ingurukoen laguntzaz erosketak eta janaria aseguratua dituenak. Baina beste aldetik, pisu batean familia bat baino gehiago elkarrekin bizi diren kasuak daude, isolamendua ongi egin ezin dutenak; isolatuz gero lanean kaleratuak izanen direnak, isolatuz gero hilabete bukaerara ailegatuko ez diren familiak edota familiarik edo lagunik ez dutenak erosketak egiteko. Horrelako egoerak ez dira errazak eta isolamenduaren beharraz jardutea konplexua izaten da.

«Konplikatzen diren kasuen artean, zahar egoitzetan birusa eragiten ari den kaltea aipatuko nuke»

Lucia ETXEBERRIA ARANAZ, Goizuetako aztarnaria

Hortaz, badira konplikatzen diren kasuak...

Konplikatzen diren kasuen artean, zahar egoitzetan birusa eragiten ari den kaltea aipatuko nuke. Zahar egoitzetan osasun langileak betitik aritu dira buru-belarri lanean, baina garai hauetan are gogorrago lan egitea tokatzen ari zaie. Egoitzetako egoerak oso latzak dira bai egoiliarrentzako, bai senitartekoentzako baita langileentzako ere. Hainbeste kutsatu eta hildako egotearen arrazoiak hainbat izan daitezke, isolamendu egokia egiteko egoitzen espazio falta, langile eskasia edota lan-kargaren gorakada.

Zer iruditzen zaizkizu administrazioak hartutako neurri murriztaileak?

Positibo kasuen gorakadak zuzenean ospitaleratuen kasuen gorakadan islatzen dira, baita lehen arretaren lan-kargan ere. Eta beste eremu horiek kaltetu ez daitezen ezinbestekoa da egunerokoan prebentzio neurriak hartzea.

Nolakoa izan da Eguberrien ondorengo itzulera?

Abendu hasieraz geroztik etorriko zenari aurre egiteko prestatzen aritu gara, kontaktuen jarraipena finduz eta ahalik eta hurbileko kontaktu gehien identifikatzen saiatuz. Zenbat eta jarraipen zorrotzagoa izan, orduan eta positibo gehiago atzemanen dira, eta horretan aritu gara. Oraingoz, ez gara aurreikusitakoa gainditzera ailegatu, baina argia da kasuen goranzko joera eta datozen asteak funtsezkoak izanen dira bilakaera ikusteko.

«Harremanak zabaldutakoan ondorioak etorri dira»

Lucia ETXEBERRIA ARANAZ,, Goizuetako aztarnaria

Positibo kopurua goraka doa, bai eskualdean bai Nafarroan...

Abendu hasieran kasu bakoitzak bataz beste bost hurbileko kontaktu zituen, eta Eguberrietan positibo bakoitza bataz beste 20 kontaktu izatera igaro zen. Positibo direnen %70 beste positibo baten hurbileko kontaktu izandakoa da eta gainerako %30ak ez daki non kutsatu den. Beraz, gure harreman sozialak zabaldu diren honetan eskualdean edo Nafarroan ikusi ditzakegun ondorioak etorri dira.

Aztarnari hasi zinetik nolako bilakaera izan du zure lanak?

Osasun Kontseiluan hasi nintzen lanean, Nafarroako Covid-19aren telefonoa izenez ezagutzen denean. Hasiera batean herritarrek zalantzak argitzeko deitzen zuten eta orokorrean, garai hartan, Covidaren inguruko ezjakintasuna gailendu zen, beldur eta antsietate handia izan zuen jendeak. Osasun arloko zalantzak argitzen ere aritu ginen, baita telefonoz positiboen jarraipena egiten ere. Hilabeteak pasatu ahala, sintomen inguruko ezagutza zabaldu zen eta batik bat osasun hezkuntza egin genuen. PCR probak jasotzen hasi ginenean, berriz, osasun profesionalei probak kudeatzen hasi ginen. Gerora, PCRak zabaltzen hasi zirenean, aztarnari lanean hasi ginen.

Oporrik izan duzu?

Bai. Abenduan eta urtarrilean aukera izan dugu.

Jendeak arazorik gabe onartzen du agindutakoa?

Orokorrean jendeak agindutako neurriak betetzen ditu. Arazoren bat egonez gero, herri bakoitzeko osasun etxearekin batera kudeatzen eta konponbidea bilatzen saiatzen gara.

Zenbateraino da garrantzitsua kontaktuak azkar identifikatzea?

Kontaktuak tipula baten geruzak bailiran irudika ditzakegu, positiboa tipularen erdian kokatuz. Oso garrantzitsua da lehen geruzan dauden kontaktu guztiak ahalik eta azkarren identifikatzea eta isolatzea. Lehenengo geruzako kontakturen bat berandu identifikatuz gero, birusa bigarren edo hirugarren geruzetara azkar heda daiteke. Beraz, gure lana erloju kontrakoa da. Kontaktuak zenbat eta azkarrago identifikatu, orduan eta positibo gutxiago egonen dira identifikatu edo isolatu gabe.

«Gure lana erloju kontrakoa da».

Lucia ETXEBERRIA ARANAZ,, Goizuetako aztarnaria

Zein da herritarren kezkarik nagusiena?

Orokorrean inguruko adinekoak babesteak kezkatzen ditu.

Radar aplikazioa martxan da?

Bai, funtzionatzen du, betiere positibo eman aurretik aplikazioa mugikorrean baldin baduzu. Positibo emandakoan deskargatzea ez da baliagarria, jada isolatuta egon beharko zenukeelako eta ez duelako lokalizatuko 48 ordu lehenagotik egon zaren jendea.

Mezurik TTIPI-TTAPAko irakurleei?

Jada ni bezainbeste edo gehiago jakinen dute Covid-19aren inguruan. Hona ailegatzeko lan asko egin dugu, baina hau ez da bukatu eta denok elkarlanean segitu behar dugu Covid-19arekin amaitu arte.

Kutsatze-katea eteteko zein gomendio emanen zenuke?

Elkar babesteko osasun neurriak jarraitzeko eskatuko nuke. Momenturen batean neurriak jarraitu ez badira eta otorduak edo topaketak egin badira, gerora positiboren bat azaltzen bada, zinez garrantzitsua da zintzoki kontaktuen zerrenda osoa ematea, ez baitago transmisio-katea eteteko beste modurik.

Nolakoak espero dituzu hurrengo asteak eta hilabeteak?

Gogorrak, lan askokoak.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Pandemiak gure zilborraz haratago begiratzera behartu gaitu, begirada gure herritarrengan edo hurbilekoengan jarriz. Besteek egiten dutenak gugan eragin zuzena duela ikusi dugu, baita alderantziz ere.  Beraz, ahulenak kaltetuenak izan ez daitezen, elkar babestea denon ardura da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun