'Larrepetit' liburuaz mintzatzeko bilduko dira asteazkenean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 8a, 07:00
Pello Lizarralde. Argazkia: Juan Carlos Ruiz/ @FOKU

Irakurle taldeak hitzordua egina dute, otsailaren 10ean 18:00etan liburutegian. 

Pello Lizarralde idazle zumarragarrak 2002an argitaratutako Larrepetit liburua izanen dute hizpide. Espetxetik ihesean doazen bi lagunen ibilerak eta haiei lagunduko dien hirugarren batenak kontatzen ditu.

Sinopsia

Abel, Joxe eta Lainez dira nobela honetako hiru pertsonaiak. Abel gaztea da eta Joxe edadetuagoa eta hitz gutxikoa. Gazte urduria bata, eta aurpegi-ilun eta eskarmentu handikoa bertzea. Biak dira iheslariak. Preso zeuden eta kalabozoko ataritik ihes egin dute. Frantziako mugara iritsi nahi dute, eta helburu hori lortu nahian bidexka, malkar eta muino anitz zeharkatu beharrean aurkitzen dira. Batetik bertzera inguruko herrietan saltzaile dabilen Lainezek hurbilduko ditu autoz muga ingururaino. Han, ordea, guardia zibilen altoaren ondotik Joxeren labankadak gauzak larritzen ditu. Narrazioaren urrats xumeena neurtuta dago, baita irakurlearengan duen eragin fisikoa ere: iheslariek zapaldutako belarra, bidean topatutako lagunekin gurutzatutako solasa edo zotza soiltzeko Joxek erabilitako labana, gertakizun denaren sentipen urduria bihurtzen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun