Betizuak herrigunetik erretiratzeko eskatu du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 27a, 10:12

Azken aldian herrigunean animaliak lotu gabe dabiltzala jakinarazi du Goizuetako Udalak eta bando bidez, alde batetik, zakurrak lotuta edo jabearekin ibili behar dutela oroitarazi du eta, bestetik, betizuak herritik erretiratzeko dei egin du.

Zakurrak «lotuta eta jabearekin ibili behar dutela» azpimarratzearekin batera, «zakurren kakak bildu behar direla» dio Goizuetako udalaren bandoak, eta horretarako poltsak Udaletxean har daitezkeela adierazi du.

Betizuen kasuan, aldiz, «azken aldian ilunabarretan herrira jaisten direla» ohartarazi du udalak eta jabeei herritik eramateko eskatu die, «abereen kontrola eta ardura abeltzain bakoitzarena» dela esanez. Horrekin batera, «herrian barrena ezin dutela libre ibili» gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun