'Izadi gurasoekin etxera' egitasmoarekin bat egin du Leitzako Torreak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 25a, 16:00

Elkartasuna adieraztearekin batera, hilabetero babesa adierazteko eta «Izadi gurasoekin etxean nahi dutela aldarrikatzeko» dinamika bat abiatu dute.

Leitzako Torrea Herrikoak Burlatako eta Algortako hainbat herritarrek abiatutako 'Izadi gurasoekin etxera' egitasmoari babesa adierazi zion joan den larunbatean, urtarrilaren 23an egindako hitzorduan. Miru sorginaren emanaldia ikusi eta txokolate beroa dastatu bitartean, Izadiren egoera ageriko egin eta «askatasunean, bere gurasoekin, bizi behar duela» aldarrikatu zuten.

Egoera «gogorra»

Iñigo Gutierrez (Algorta) eta Maria Lizarraga (Burlata) presoen alaba da Izadi. 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Valentzian eta urte eta erdiz bere amarekin Picassenteko amen moduluan egon ondotik, duela aste batzuk Iñigo eta Mariarekin bizi da Aranjuezko familien moduluan.

Aurten, gainera «egoera gogorra» bizi dute: «Covid-19a dela eta, otsailetik bis a bisik gabe daude, kanpokoekin kontaktu fisikorik gabe (...) eta Izadi ezin izan da senide eta lagunekin kalera atera...». Izadi gurasoekin etxera plataformako kideekin bat eginez, Leitzako Torrean ere, Izadiri «ingurune naturalean hezteko eskubidea ukatu zaiola» nabarmendu zuten. 

Hilabetero, elkartasun keinuak

Modu berean, 3 urte beteko dituen egunean gurasoengandik banatzea «onartezina» dela uste dute. Horrekin batera, Izadi «gurasoengandik ez bereizteko eta Izadik kalera atera behar duen momentuan bere gurasoekin ateratzeko» eskatu zuten. Izadik bi urte bete dituen honetan «gurasoentzako atzera kontaketa» hasi dela salatu nahi izan zuten eta, horren aitzinean, «elkartasun dinamika bat» aurkeztu zuten: «hilabete bakoitzean, hilak 23 dituenean, ekimen batzuk burutuko ditugu, egoera ezagutzera eman eta indarrak batzeko. Dena mezu argi batekin: Izadi gurasoekin etxean nahi dugu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun