Segurtasun neurri guztiak betez, Burutik musika taldearen kontzertua, 40 urte eta aldapan behera niek/n bakarrizketa, Amico on the beach haurrentzako antzerkia izan dituzte azken egun hauetan Leitzan. Larunbatean, ilbeltzaren 30ean, Aritz Ganboa artzainaren erronkari buruzko Bideak dokumentala ikusteko aukera izanen dute Herri Aretoan, 19:00etan.
Bideak dokumentala
Aritz Ganboa de Miguel dut izena. Nafarroako bi herrietan, Arruazu Sakanan (aitaren partetik) eta Izaba Erronkarin (amaren partetik) jatorria duen Arruazuko artzain bat naiz. Natura eta landa eremua izan dira beti nire pasio nagusiak eta pasio hauek nire ogibide eta bizimodu bihurtu dira artzaintzaren bidez. Lan hau ederki uztartzen da nire afizioetariko batekin: Mendi lasterketak. Artzaintzak mendiari zein naturari lotzen nau, horrela egiten dute bat nire bi pasioek, kirola eta natura!
Istorio bat kontatzera natorkizue. Nirea ez den baino bere parte naizen, garen istorioa. Idatzirik, idazten eta idazteko dagoen istorioa!
Istorio honek erronka batera eraman nau. Bakarrik egiterik izanen ez dudan erronka batera. Inguratzen gaituen giza zein kultur, ingurune, paisai, ekonomi, histori, gastronomi… ondarearen balioa ezinbestekoak izanen dira. Neurri berean, erronkak, hauexek balioan jartzeko asmoa izanen du, finean, izan zirelako garela eta garelako izanen direla aditzera emateko!
Arruazun Idiazabal J.I. duen gazta bat egin eta mendian zehar korri eginez Izabaraino eramango dut soinean, Pirinioak zeharkatuz etapa bakar batean, bertako artzain batek eginiko Erronkariko J.I. duen gazta batekin elkartzeko helburuarekin. Bidean gertatuko den guztia dokumental batean bilduz. Erronka 2019ko urrian izan zen.