Edurne JAUREGI URKIOLA

«Herriaren hazkuntzan eta gizartearen heziketan jarraitzeko dago Itzaire»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 30a, 10:00

Edurne JAUREGI URKIOLA, leitzarra

Leitzarra da sortzez eta bihotzez Edurne Jauregi (Leitza, 1992), baina Anoeta du bizitoki.

Hanka bat Nafarroan eta bestea Gipuzkoan duela, harat- honatean ibiltzen da egunerokoan: «Nafarroan egiten dut lan, inklusio laguntzarako teknikaria naiz eta behar anitzak dituzten haur nahiz nerabeekin aritzen naiz. Arratsaldetan, nire bizitoki inguruko hainbat neraberi errefortzu saioak ematen dizkiet». Astegunetan, lanetik kanpoko denbora librea eguneroko paseotxoa egiteko eta ikasteko baliatzen du. Asteburuetan, berriz, «aisialdiaz gozatu eta sukaldean saltsan» aritzen da.

Sormena, gozamena

Sortzea «txiki-txikitatik» gustuko izan du Jauregik. Eskuak eta burua landuz, bere baitatik ateratako bitxi eder andana gordetzen ditu: «eskulanak, marrazkiak, poesiak, bertsoak...». Normalean berarentzako gordetzen ditu lanak, baina bada kanporatu duenik ere: «noiz edo noiz idatzizko bertso lehiaketa edo mikro-ipuin lehiaketaren batean parte hartu dudan arren, zentzu horretan ez naiz kanpora begirako pertsona bat». Bestela izaten da sukaldeko sormen lanekin, errezeta osasuntsuak egin eta jendeari probatzeko ematea «asko» gustatzen baitzaio.

Etxetik plazara

Pixkanaka, ordea, lanak azaleratzen hasi da eta harrera bikaina izan du: «2020an konfinamenduari lotutako hainbat ekimenetan parte hartu nuen, hala nola, Amazabal institutuko emozioei buruzko argazki lanketan». Etxean egon beharrak bultzatu zuen Itzaire haur eskolako logoa berritzeko egindako lehiaketara leitzar sortzailea: «birusa dela-eta 10 egunez gelan egon behar nuela esan zidan medikuak». Denbora-pasa, Leitzako Udalaren web orrialdean berriak irakurtzen sartu zen batean ikusi zuen deialdia: «ostirala zen eta astelehena zen lanak aurkezteko azken eguna». Etxean egon beharrak eragindako «amorrua» alde batera utzi, jarrera aldatu eta parte hartzea erabaki zuen unean hasi zen ideiak garatzen eta garatutakoari forma ematen: «asteburu osoan nire amorruaz oroitu ere ez nintzen egin, emozioen lanketa ikaragarria izan zen». Ilusio handiz egin zuen, eta ilusioz hartu zuten herritarrek irudia. Izan ere, bere lana izan zen 300 parte-hartzaileren artean aukeratua: «ez nuen halakorik espero, eskerrik asko nire lagun Carmen eta Aloñari emandako laguntza eta aholkuengatik eta Leitzako herriari aukera emateagatik. Niretzat ohore handia da haur eskolak nik egindako logoa izatea eta kosta egiten zait emaitza han eta hemen ikusiko dudala sinestea».

Gaztain batean haur eskolaren izaera

Gaztaina aukeratu zuen haur eskolaren izaerarekin bat eginen duen iruditzat Jauregik: «Leitzan ugaria den naturak emandako fruitua izateaz gain, haurtzaroan pertsona askoren bizitzetan ageri den elementua delako: amonaren sutondoan, familia osoa gaztainak biltzera joaten gineneko egun-pasetan, Eguberrietan ('Hator hator' kantan erraterako) duten presentzia...». Ez da gaztain arrunta logoan bildu duena, «komunitate anitza da gurea eta gaztainean irudikatutako pieza inperfektu horiekin taldea adierazi nahi izan dut, puzzle bat osatuz». Erdigunean atea jarriz, «haurra protagonista» egin nahi izan du eta erantsi dizkion hiru ileekin «haurren adin-tarteari» egin nahi izan dio keinu. 

Jendaurrera salto

Talde bakoitzak bere kolorea du eta kolore bakoitzak bere esanahia sortzailearen lanean: «urdinak egonkortasuna, askatasuna eta gardentasuna adierazten ditu; berdeak natura eta oinarri sendo gisa jarri dut; horiak Itzaire haur eskolan itzartzen den eguzkia; laranjak sua eta giro epela; gorriak maitasuna; moreak magia, indarra eta berdintasuna; eta zuria haur bakoitzaren sormena islatzeko orri txuria». Koloreek banaka duten esanahiari elkartzean hartzen duena gehitu nahi izan dio: «denak bateratuta maskara koloretsu bat osatzen dute, hau da, ongi pasatzeko une asko».

«Gaztaina maskorretik ateratzen den bezalaxe, gu ere gure txikitasunean autonomia geureganatzen joaten gara, eta horretarako ezinbestekoa da Itzaire» Jauregiren ustez. Hortaz, egiten duen ekarpena azpimarratzekoa da: «herriaren hazkuntzan eta gizartearen heziketan elkarlanean jarraitzeko baliabide ederra da».

«Emozioak lantzeko aukera eman dit logoa sortzeak»

Edurne Jauregi Urkiola, leitzarra

Herri «aberatsa»

Horrek guztiak eta gehiagok egiten dute Leitza: «Leitzak natura du, naturan murgildua dago-eta. Leitzak festa du, fanfarroiak izanen ez gara ba! Leitzak onddoak, gaztainak eta mendiak ditu, gipuzkoarrak etorriko ez dira ba! Leitzak kultura eta historia du, bisitariak izanen ez ditugu ba! Leitzak kirolariak eta kirolzaleak ditu, aberatsak izanen ez gara ba! Leitzak baserri eta ekoizleak ditu, bertakoa sustatuko ez dugu ba! Eta, Leitzak haurrak eta gazteria ditu, beraz, etorkizuna ez da faltako!».

Herrian dutena estimatzen du leitzarrak: «zerbait falta al du Leitzak?» dio irri artean. Txoko guztietan, bezala, bada zer hobetua eta gaztea den aldetik, «alokairurako aukera gehiago edo garraio publiko aberatsagoa» eskatuko lituzke, Leitzara itzultzeko edo joan- etorriak arintzeko gogoa baduen seinale.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun