Leitza eta Aresoko Gizarte Zerbitzuetako etxez etxeko zerbitzuko familia langileek txertoa jarri dute

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 08:00
Leitza eta Aresoko familia-langileek hartu dute txertoaren lehenbiziko dosia. Bigarrena otsailaren 8an dute.

Leitza eta Aresoko etxez etxeko zerbitzuko familia langileek astelehenean, urtarrilaren 18an, txertoa jarri zuten. Horrekin, Covid-19 gaitzari aurre egiteko borrokan «elkarrekin egon ginela eta elkar zaintzen jakin genuela» adierazi dute.

Langileetako batek kontatu digunez txertoa jasotzera Irurtzunera joan ziren eta «sanitarioak, soziosanitarioak eta menpekotasun handia duten beste batzuekin batera guk ere jaso ahal izan genuen. Menpekotasun handikoek anbulantzietan egin zuten joan-etorria; gu, berriz, gure kabuz joan ginen. Hala ere, aurrera begira, beharrezkoa dutenen kasuan etxeetara joateko aukeraz hitz egiten sumatu genituen...».

Zalantzarik ez

Egunean bertan jaso zuten txertatzeko aukeraren berri, eta ez zuten zalantzarik izan: «10:30ean deitu ziguten eta, haiek aipatu bezala, 13:30erako seirok joan ginen». Txertoak ia ondoriorik ez die utzi, «biharamunean besoa minbera izan genuen, besterik gabe...».

Hurrengo dosia otsailaren 8an izanen dute eta egun horretan eurek ez ezik Goizuetako eta Aranoko langileak ere joatekoak omen dira: «guk bigarrena hartuko dugu eta haiek lehenbizikoa. Azken momentuko deia izan zenez haiek ez zuten lana antolatzerik izan eta...».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun