Torreak 'Izadi gurasoekin etxera' plataformarekin bat eginez elkartasun hitzordua antolatu du larunbaterako

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 20a, 16:00
Burlatan ere egin Izadiren aldeko elkarretaratzea egin zuten abendu hondarrean.

'Izadi gurasoekin etxera' plataformaren aldarrikapenekin bat eginez, ilbeltzaren 23an Izadiren urtebetetze festa eginen dute Torrean.

Iñigo Gutierrez (Algorta) eta Maria Lizarraga (Burlata) presoen alaba da Izadi. Valentzian jaio zen eta egun Aranjuezko espetxean bizi da. Bere egoera salatzeko eta «Izadik askatasunean, bere gurasoekin, bizi behar duela» aldarrikatzeko sortu zen 'Izadi gurasoekin etxera' plataforma.

Leitzako Torreak plataformarekin bat egin nahi izan du, «haur bezala eskubideak urraturik dituen enegarren haurra» delako Izadi: «ezin gurasoekin askatasunean hazi, ezin elikadura orekatu eta osasuntsua mantendu, ezin bere inguruan hazi, ezin bere senide eta gertukoekin ohiko harremanik izan...». Bizi duen egoeragatik, «borroka, aldarrikapen eta ospakizunekin» bat egin du Torreak.

Miru sorginaren emanaldia eta argazkia

Datorren larunbatean, ilbeltzaren 23an, Izadiren bigarren urtebetetzea ospatzeko deialdia egin dute. «Haur, gazte nahiz helduak» festara gonbidatu dituzte eta, edukiera mugatu eta segurtasun neurri guztiak betetzeko, gonbidapenak gaurtik aurrera eskuragarri jarri dituzte Torrean bertan.

Aurreratu dutenez, 17:00etan Miru sorginaren emanaldia izanen dute eta ondotik zorion abestia abestu, argazkia atera eta txokolate beroa hartuko dute. Inauterietako egunak izan beharko luketenez, mozorrotuta joateko deia egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun