Ekitaldiz jositako kultur agenda izanen dute ilbeltzean eta otsailean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 18a, 20:00

Segurtasun neurri guztiak betez, Burutik musika taldearen kontzertua, 40 urte eta aldapan behera niek/n bakarrizketa, Amico on the beach haurrentzako antzerkia, Bideak dokumentalaren proiekzioa, Dolua erakusketa eta Hileta zibilak eta Saharari buruzko hitzaldia eta proiekzioa izanen dituzte ilbeltzean eta otsailean Leitzan.

Leitzako Udalak eta Festa Batzordeak antolatutako kultur agenda egitasmoaren barne, hainbat ekitaldi izanen dituzte ilbeltzean eta otsailean Leitzan. Lehenbiziko hitzordua ilbeltzaren 23an, larunbatean izanen dute, 19:00etan. Leitzako Herri Aretoa izanen dute bilgune eta Burutik taldearen emanaldiaz gozatuko dute musikazaleek.

Hurrengo egunean, ilbeltzaren 24an, igandean, 19:00etan, 40 urte eta aldapan behera niek/n bakarrizketa izanen dute. Ion Martinezek, Txiki, 40 urte betetzeak sortzen duen ezinegona gai hartuta, umoretik bizitzaren etapa berri honen inguruko bakarrizketa eskainiko du.

 

Ilbeltzaren 25ean eta 30ean haurrentzako antzerkia eta bideo proiekzioa

Ekitaldiek ilbeltzaren 25ean, astelehenean, izanen dute segida. Amico on the beach haurrentzako antzerkia eskainiko dute 17:00etan Leitzako Herri Aretoan. Sarrerak bortz euroren truke eskuragarri dauden Astiz eta Maimurren. 

Ilbeltzaren 30ean, azken larunbatean, Aritz Ganboarekin Bideak dokumentalaren aurkezpena eta proiekzioa izanen dute. Artzaintzari buruzko dokumentala 19:00etan Herri Aretoan pantailaratuko dute eta sarrerak bortz euroren truke Astiz eta Maimurren lortu daitezke.

 

Otsailaren 4an eta 13an hitzaldiak

Otsailean bi hitzaldi eskainiko dituzte. Otsailaren 4an, ostegunean, Iñaki Olaizolaren gidaritzapean Hileta zibilak  hitzaldia izanen dute. 18:30ean adostu dute hitzordua Herri Aretoan eta sarrera doakoa da. Bigarren hitzordua otsailaren 13an hitzartu dute eta Saharako egoerari buruzko mahai ingurua eta Haizearen egia dokumentala izanen dituzte. 18:00etan Herri Aretoan hasiko da saioa eta sarrerak bortz euroren truke Astiz eta Maimurren eskuragarri egonen dira otsailaren 5etik aurrera.

 

Otsailaren 1etik 7ra erakusketa

Azkenik, otsailaren 1etik 7ra Miren Fagoagaren Dolua. Barne hutsaren kolorea irudietan erakusketa ikusgai izanen da Leitzako Herri Aretoan. Sarrera doakoa da eta ordutegia 18:30etik 20:00etara izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun