Leitzako plaza moldatzeko lanean ari dira

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 16a, 12:30

Udaletxeko teilatuko berritze lanak amaitu ondotik, orain, hormigoizko zorua, pareta eta frontis inguruko sarea berrituko dituzte Leitzako plazan.

Joan den astelehenaz geroztik, herriko plaza berritzeko lanak egiten ari dira Leitzan. Udalak jakinarazi duenez, paretak, bazterretan dauden harrizko eserlekuak eta frontisa moldatuko dituzte; eta, horrez gain, jolas eremua handituko dute, zoruan eskuineko paretaraino hormigoia botata. Guztira 78.424 euroko aurrekontua dute eta 50.000 landa garapeneko programatik jasoko dituzte.

Moldaketa horiekin batera, egindako lanek sokatira txapelketak, koxkor-biltze probak eta bertzelako herri kirol jolasetarako bide emanen dute. Modu berean, esku pilotak bere txokoa mantenduko du eta panel batean arlo bakoitzaren berezitasunak bilduko dituzte, bisitariek informazioa izan dezaten.

Zaharberritze lanek bi hilabete iraunen dutela aurreikusi dute eta tarte horretan plazan aldamioak eta bestelako arriskuak egonen direnez, ezarritako segurtasun neurriak errespetatu eta kontuz ibiltzeko eskatu dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun