Anariren kontzertua eta escape rooma izan dituzte urte hasieran Leitzako Atekabeltz gaztetxean

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 5a, 17:00

Datorren larunbatean ‘Urten behin’ lehiaketa izanen dute eta parte hartzeko aurrez izena eman behar da.

Leitzako Atekabeltz gaztetxean urte hasiera mugitua izan dute. Negun Atekan hotzik ez egitasmoaren barne, larunbatean escape room bihurtu zuten gaztetxea. 15:00etatik 22:30 aldera arte lau pertsonako lauzpabost talde aritu ziren Atekabeltzen misterioa argitu nahian. Biharamunean, hau da, igandean, musikazaleek Anariren doinu eta hitz biluziez gozatu zuten.

Hurrengo hitzordua urtarrilaren 9an, larunbatean, izanen dute. 19:00etan hasita Urten behin txapelketa izanen dute. Parte-hartzaileek Atekabeltzeko, herriko edo beste mota batzuetako galderez osatutako txapelketa izanen dute gozagarri. Bizpahiru laguneko taldetan parte hartu ahal izanen da eta izena emateko Instagramez edo korreoz idatzi edo gazte asanbladako kideren bati jakinarazi beharko zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun