120 lagunen aurrean aurkeztu dute ‘…eta plaza larre bihurtu zen’ dokumentala Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 4a, 16:00
Urtarrilaren 2an Herri Aretoan aurkeztu zuten ikus-entzunezko lana. Irudian Gaizka Aranguren –Labrit Ondarea– eta Mikel Zabaleta –Leitzako alkatea–.

Joan den larunbatean Herri Aretoan estreinatu zuten Leitzako Udalak eta Labrit Ondareak konfinamendu garaian bildutako irudiekin osatutako dokumentala. Herritarrek erantzun ona eman zioten hitzorduari, edukiera 127 lagunekoa zela kontuan hartuz, 120 lagun bildu baitziren. Udaletik adierazi dutenez, «oso ongi atera zen».

Konfinamendu garaian belarra eta landaretza plazako galtzada-harri tradizionalen arrailduren artean loratu zen eta hortik datorkio ikus-entzunezkoari izenburua. Aste horietan erabat aldatu zen herriko egunerokotasuna. Kale hutsak, irekita zeuden denda bakanetako sarreretan ilarak eta parke zigilatuak, besteak beste. Hori guztia, normaltasunera itzultzeko zain, balkoietara etengabe ateratzen ziren bizilagunen begiradapean. Egun horiek bakardadea, asperdura, antsietatea…ekarri zuten, baina ekimen positibo eta berritzaile ugari ere bai, besteak beste, zailtasunak zituzten pertsonei arreta emateko Herritarren Laguntza Sarea, hainbat motatako bideo kolektiboak, distantziatik sortutako abestiak edota Baserritik etxera! bezalako proiektuak, tokiko produktuen kontsumoa inoiz baino gehiago bultzatzeko auzolanean sortutako ekimena.

Konfinamenduaz haratago, irail hasieran egindako baheketa masiboa ere ageri da lanean. Eta azpimarratzekoa da Labrit Ondarearen lan zabalago baten zati bat dela. Ikuspegi antropologikotik, historikotik eta gizatiarretik, konfinamenduaren egunetan protagonismo berezia izan zuten pertsonen testigantzak jaso bildu baitutzte. Horiek metodologia zientifiko bidez aztertu ondotik, gainerako ondare immaterial unitateekin batera udal artxibo historikoan gordeko dituzte, etorkizunean ere herriaren eskura izateko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun