‘…eta plaza larre bihurtu zen’ ikus-entzunekoa proiektatuko dute Leitzan urtarrilaren 2an

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 30a, 11:16

Leitzako Udalak eta Labrit Ondareak konfinamendu garaian Leitzako memoria kolektiboa jaso zuten eta orain proiektatuko dute. Larunbatean 18:00etan estreinatuko dute Herri Aretoan eta gonbidapenak Astiz eta Maimurren dohainik eskuratzen ahal izanen dira.

Leitzak konfinamenduaren memoria kolektiboa proiektatuko du urtarrilaren 2an, larunbatean 18:00etan. Inauguratu berri den Herri Aretoak, ekitaldi hunkigarria jasoko du …eta plaza larre bihurtu zen ikus-entzunezko lana oinarri izanen duena. Proiekzioari sarrera emanez gainera, Leitzako Udaleko ordezkariek eta Labrit Ondarea lan taldeko egileek aurkezpen labur bat eginen dute.

Leitzan kale huts haiek nolakoak izan ziren ezin hobeto definitzen du ikus-entzunezkoaren izenburuak, belarra eta landaretza plazako galtzada-harri tradizionalen arrailduren artean loratu baitzen.

Aste horietan erabat aldatu zen herriko egunerokotasuna. Kale hutsak, irekita zeuden denda bakanetako sarreretan ilarak eta parke zigilatuak, besteak beste. Hori guztia, normaltasunera itzultzeko zain, balkoietara etengabe ateratzen ziren bizilagunen begiradapean. Egun horiek bakardadea, asperdura, antsietatea…ekarri zuten, baina ekimen positibo eta berritzaile ugari ere bai, besteak beste, zailtasunak zituzten pertsonei arreta emateko Herritarren Laguntza Sarea, hainbat motatako bideo kolektiboak, distantziatik sortutako abestiak edota “Baserritik etxera!” bezalako proiektuak, tokiko produktuen kontsumoa inoiz baino gehiago bultzatzeko auzolanean sortutako ekimena.

1.882 leitzarrek PCR probak egin zituzten irail hasieran

Konfinamenduaz haratago, ikus-entzunezko lan honek irailaren hasierako aparteko ekimen kolektiboa ere jasotzen du: herrian Covid-19 kasuak ugaritu zirela ikusita, 1.882 lagunek (baheketa masibora deitutako herritarren %75 zabalak, hain zuzen ere) egin zituzten PCR proba boluntarioak, alegia.

Zalantzarik gabe, historiako etapa bat izan da, lehenaldia eta geroaldia markatuko dituena. Horregatik, Leitzako Udalak ondare immaterial hau bildu egin nahi izan du, hamarkada batzuk barru jardunbide egoki horietaz gozatu ahal izateko.

Proiektu hau, Labrit Ondareak gauzatutako lan zabalago baten zati bat da, ordea. Ikuspegi antropologikotik, historikotik eta gizatiarretik, konfinamenduaren egunetan protagonismo berezia izan zuten pertsonen testigantzak jaso dira, baina hauek, metodologia zientifiko bidez aztertu ondoren, gainerako ondare immaterial unitateekin batera Udaleko artxibo historikoan gorde eginen dira, etorkizunean ere herriaren eskura izateko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun