Igandean Leitzan 'Zaldi urdina' antzerki emanaldia ikusteko sarrera guztiak agortu dira

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 25a, 10:00

Larunbatean 19:00etan Leitzako Herri Aretoan eskainiko den emanaldirako sarrerak aste bete lehenago agortuta zeuden.

Artedrama; Dejabu eta Axut! antzerki taldeen eskutik, Ximun Fuchs-ek zuzendutako Zaldi urdina antzezlana taularatuko dute abenduaren 27an, igandean, 19:00etan Herri Aretoan.

Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide antzezleek parte hartzen dute.

Sinopsia

Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan.

Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.

Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.

Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun