Yelena MOLCHANOVYCH

«Ohitura gisa haragirik gabeko 12 plater osatzen ditugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 31a, 08:00

Ukrainako Chernovtsy eskualdean jaio eta egun Leitzan bizi da Yelena Molchanovych. Sorterrian Eguberriak ospatzeko egun bereziena urtarrilaren 7a da. Hala ere, abenduaren 24an gauean ez diote uko egiten familiakoekin bildu eta elkarrekin afaltzeari. 

Abenduaren 24an egin ohi duten afaria Svyatoy Vecher deritzo, hau da, gau santua eta bertan «familia guztia bildu eta elkarrekin afaltzen dutela» azaldu du ukrainarrak. Afari hau familiarentzat «oso garrantzitsua» dela gaineratu du. Abenduaren 25 goizean pinu azpian opariak jasotzen dituzte eta, berriro ere, familiako kideak elkartu eta bazkari «oparo» batekin ospatzen dutela aipatu du Yelenak. Egun honi Rozhdestvo Khristovo deritzo, hau da, Kristoren jaiotza.

Egun hauetan «otordu» bereziak prestatzen dituztela azaldu du. «Ohitura gisa haragi eta esnekirik gabeko 12 plater prestatzen ditugu, zeinak 12 apostoluak irudikatzen dituzten». Plater guztietatik garrantzitsuena kutya da, «gariz, mitxoleta haziz, intxaurrez eta eztiz osatzen den jakia». Jaki honekin «otordu guztiei hasiera ematen zaie».

Ukrainan Eguberrietan ohitura pila dituztela aitortu du «afaria lehenengo izarra ikusi baino lehen ez hastea» gaineratu du «izan ere, lehenengo izar honek Jesusen jaiotza islatzen du». Beste ohitura kuttun bat leihoan kandela bat  piztuta paratzea da «piztutako kandela honen bidez, kalean dagoen edonor edo bakarrik sentitzen den oro gure etxean ongi etorria dela adierazten dugu». Apaingarriei dagokionez, etxean pinua «funtsezko Eguberrietako elementua» dela gaineratu du. «Pinua naturala izaten da eta Eguberrietako apaingarriz nahiz girlandaz josten dugu. Gainean, urre koloreko izarra paratzen dugu eta zuhaitz azpian Ded Moroz (izotzezko aitatxi) eta Snegurochka (honen iloba den elurrezko dontzeila».

Ukrainan bizi zenean opariak «Ded Morozen» eskutik jasotzen zituen, «basoan bizi den adineko gizonezko bat zeinak urte osoa egurrezko jostailuak egiten igarotzen duen, ondoren, Eguberrietan, umeei berak egindako opari hauek helarazteko».   

Anekdota gisa «urte batez Ded Moroz ikusi eta bere atzetik lasterka joan ginen eta harrapatzen saiatu ginenean bota kentzea lortu genion. Bota gorde genuen eta hurrengo urtean kolore ezberdineko bi botekin etorri zen, bata guk kendutakoaren parea eta beste bat».

Bertako Eguberriak asko gustatzen bazaizkio ere, sorterrian bezala «herri erdian Eguberrietako pinu handi» baten falta sumatzen duela adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun