'Mendialdeko azoka ibiltaria' ekimenaren lehen edizioari agurra emanen dio igande honetan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 17a, 14:00

Igande honetan, abenduaren 20an, 10:30etik 14:00etara eskualdeko 27 postu Leitzako frontoian eta karpan bilduko dira sasoiko produktuak eskaintzeko. Gure baserrietatik etxera! lelopean inguruko baserrietan eta artisauen tailerretan lortzen eta ekoizten diren produktu osasuntsu eta freskoak ezagutu eta kontsumitzeko aukera izanen da.

LeitzEKO Kontsumo Taldea eta Bertatik Bertara dinamika

Bertatik bertara dinamikan parte hartu duten udalek kontsumo arduratsu eta iraunkorraren alde lan egiten duten tokiko kolektiboen laguntza eta lankidetza du. Honen helburu nagusia hurbileko produktuen, produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea da, lehen sektorea ikusaraziz eta babestuz.

Leitzaren kasuan, tokiko hainbat eragile, elkarte eta ekoizlek sentsibilitate eta inplikazio handia dute, eta urteak daramatzate elkarrekin lanean. 2014an sortutako LeitzEKO Kontsumo Taldea Leitza Kontsumituz egitasmo parte hartzailearen sustatzaileetako bat da, Leitzako Udal eta herritarrekin batera. Egitasmo honen helburua tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatzea da eta otsailean Herritarren Partaidetzako Praktika On gisa saritu zuen Nafarroako Gobernuak.

Parte hartze prozesu horretatik 2018an Bertatik bertara dinamika izeneko ekimena sortu zen. Bertan, Leitza eta Aresoko udalek, kontsumo taldeak, ekoizleek eta Cederna Garalurrek parte hartzen dute. Dinamika honek ekonomia solidarioa, arduratsua eta iraunkorra sustatu nahi du. Aurten, adibidez, Mendialdeko azoka ibiltariaren antolakuntzan parte hartu dute.

2021eko ediziorako berrikuntzak

Urteko azken azoka honekin, 2020an sei azoka antolatu dituzte, hasiera batean zazpi azoka egitea aurreikusi bazen ere, Covid-19aren ondorioz Araizko azoka bertan behera gelditu zen. Gaur arte, Latasan, Jauntsaratsen, Goizuetan, Baraibarren eta Lekunberrin egin dira azokak; kasu guztietan, arrakasta handia izan dutelarik, ekoizle eta artisauen pozerako.

Lehen edizioaren esperientzia positiboaren ondoren, ekimen honetan parte hartzen duten udalak, tokiko lan-taldeak, Cederna Garalur eta Plazaolako Turismo Patzuergoa 2021eko edizioa antolatzen ari dira.

Era berean, tokiko ekoizle eta artisauen arteko harremana sakondu eta sustatu nahi da. Hala ere, datorren urteko edizioaren garapena osasun-egoerak baldintzatuko du eta orain arte egin den bezala, antolatzaileek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte merkatuak modu seguruan gauzatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun