Umeen elikaduraz hausnartzeko gonbitea egin diete Kikili Saldako kideek Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko herritarrei

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 17a, 15:00

Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko adin txikikoen obesitate tasa murrizteko osasun publikoko teknikariekin elkarlanean sortutako ekimena da Kikili Salda. Era berean, elikadurari eta kirolari lotutako ohitura osasuntsuak eskuratzea eta kontzientzia piztea du xede. Iaz azukrearen gazi-gozoak kanpainak izandako arrakastaren ondotik, aurten proiektuari jarraipena eman zaio.

Aurten Kikili Saldak lehenengo gosaldu, ondoren eguna dastatu kanpaina abian jarri du. Kanpainaren helburu nagusia gosaltzearen eta, batez ere, osasuntsu gosaltzearen onurez sentsibilizatzea da. Izan ere, NUPeko IS FOOD institutuak egindako ikerketa baten arabera, 8 eta 12 urte bitarteko haurren %13ak ez du gosaltzen eta datu hori oso kezkagarria denez, kanpaina egiteko beharra ikusi da. Horretarako ekintza ugari jarri dituzte martxan:

  • Erleta eskolako, Xalto eskolako eta Nazabal eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiei gosaltzeko katilu bana oparitu zaie.
  • Adin txikikoen ohitura osasungarriak bultzatzeko eta haurren obesitatea murrizteko gurasoei esku-orriak banatuko zaizkie.
  • Herri mailan, intereseko leku publikoetan eta kalean gosaltzearen onurak eta nola gosaldu adierazten duten kartelak ezarri dituzte.

Kikili Saldak adierazi duenez «gosaltzeak metabolismoa aktibatzen, arreta, poztasuna eta umorea mantentzen, energia gehiago izaten eta otordu orekatuagoak eta osasungarriagoak bideratzen laguntzen du». Horrez gain, «obesitatea, kolesterola, bestelako arazo kardiobaskularrak, nekea, pasibitatea eta antsietatea bezalako egoerak saihesten» laguntzen duela gaineratu dute. 

Kanpainaz gain, 2020-2021 ikasturtean bestelako ekintza batzuk ere abian jarri dituzte:

  • Haur hezkuntzako geletan elikaduraren eta ekintzen inguruan hausnarketa bideratzeko elikaduraren eta ohituren semaforo joko didaktikoa.
  • Kikili Saldako kide batzuek martxoan Ordiziako D'elikatuz interpretazio zentrora bisita egin zuten.
  • Amazabal Institutuko ikasleek Kikili Saldaren logo berria sortu zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun