Kutsadura elektromagnetikoa izanen dute hizpide abenduaren 17an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 14a, 08:00

Jende dezente hurbildu zen Arturo Vinuelaren azalpenak entzutera.Argazkia: JM Barriola.

Herriko eta kanpotik etorritako jende ugariren aurrean, Arturo Vinuesa Sanz medikuak bere ustetan osasuna nola zaindu behar den azaldu zuen azaroaren 26an Atekabeltzen. Osasunaz beste begirada bat formakuntza zikloaren barne, aurreneko saioa eta ikusmina piztu zuen gaiak, jendeak parte hartu baitzuen. Bukaeran, hizlariak idatzi duen liburuaren zirriborroa ere aurkeztu zuen.

Formakuntza zikloko bigarren saioa abenduaren 17an izanen da. Asier Arregi ingeniari agronomo eta geobiologoak eta elektromagnetismoan aditua denak kutsadura elektromagnetikoa izanen du hizpide. 19:00etan hasiko da Atekabeltzen. Hurrengo saioak urtarrilaren 8an eta otsailaren 18an izanen dira. Urteko aurreneko saioan Nerea Mendizabal psikopedagogoak eta gizarte hezitzaileak hartuko du hitza, Covid-aren aurrean txerto emozionalaz hitz egiteko, eta otsailekoan Goiuri Alberdi Aresti nutrizioan eta osasunean doktorea denak Zer da bizitza osasuntsua? Elikaduratik gure interdependentziak arakatzen hitzaldia emanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun