Xabat ILLARREGI MARZOL

«Gazteok euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 13a, 11:00

Xabat ILLARREGI MARZOL, Leitzako euskaltzale gaztea.

Euskal Herriko gazteek egunerokoan euskaraz aritzeko dituzten oztopoak aztertzeko ekimena abian jarri dute zenbait gaztek, eta antolatzaileen artean leitzar bertsolari gaztea dago.

Bertsotan taula gainean egin zen ezagun, eta orain euskararen erabilerarekin lotutako proiektu berri batekin dator  Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001). Illarregik, beste unibertsitateko kide batzuekin eta  Euskal Herriko hainbat euskara talderekin batera, Gaztealdia ekimena aurkeztu du, helburutzat, gazteon euskalduntzea izanik, hau da, «gazteok euskaraz bizitzeko hautua egitea, kontziente izatea euskaraz bizi nahi dugula eta horretarako urrats praktiko bat ematea, esatetik ekitera».

Gaztealdia ekimenaren sorrera uda honetan kokatzen da «duela zenbait hilabete Euskal Herri osoko zenbait euskara talderen saretzea eman zen eta proiektu honen lanean aritu gara». Ideia Euskaraldiaren II. Edizioarekin lotuta sortu zen «testuinguru honetan, gazteen erabilera sustatzeko proiektu bat sortzea zen helburua».

Aurrekariak

Baina, proiektu hau ez da proiektu isolatu bat, aurrekariak ere baditu. «2015. urtean, Lutxo Egiak hilabete batez euskaraz bizitzeko hautua egin zuen, euskaraz bakarrik, eta logika horretan kokaturik sortu genuen proiektu hau».

Gaztealdian Egiaren proiektuan ez bezala, Euskal Herri osoko bederatzi gaztek parte hartu dute, zeinak egoera soziolinguistiko eta kokapen geografiko guztiz ezberdinak dituzten. Gazte hauek, azaroaren 12tik 19ra euskaraz bizitzeko hautua egin zuten «euskaraz %100ean», eta egun hauetan zehar bizitakoa gorde eta hedatzeko asmoa dute. 

Bederatzi profilak

Parte hartzaileek oso profil ugariak izan dituztela adierazi du leitzarrak «hori zen helburua, ahalik eta errealitate osoena eta zabalena hartzea».

Ariketa honen helburua «parte-hartzaile bakoitzak bere errealitatean euskaraz aritzeko dituen oztopoak identifikatzea da». Ondoren, jasotzen diren datuekin analisi bat egin nahiko lukete.

Leitzan euskaraz bizi

Illarregi Gaztealdia proiektuaren sortzaileetako bat izateaz gain, parte hartzaileetako bat ere bada. Berak Leitzako herrian egin du zortzi eguneko ariketa. Bere iritziz «Leitzan, euskaraz bizi liteke; denda txiki batera joan eta euskaraz hitz eginen dizute, taberna batera joan eta euskaraz hitz eginen dizute, kiroldegira joan eta berdin, tailer batera joan eta berdin... Hau noski, ez %100ean, baina bai ehuneko altu batean».

Herri euskalduna bada ere, erabilera eta kontzientzia ezberdina dela argudiatu du. «Euskara asko hitz egiten da, ia dena euskaraz, baina iruditzen zait neurri batean kontzientzia galtzen ari garela, eta gazteen artean gehienbat. Euskarak duen balioa, historia eta garrantzia ez da berdina nire ustez denontzat, eta galtzen ari da euskararen aldeko borroka horren kontzientzia, erabilerari begiratuz gero». Beraz, Gaztealdia euskararen inguruan hausnartzeko parada bikaina izan daiteke.

Euskaraldian, ahobizi

Azkenik, leitzarrak, Euskaraldian parte hartu: duela adierazi du «Bai, noski, parte hartu dut Euskaraldian, ahobizi gisara. Ez luke zentzurik Gaztealdia bezalako proiektu batean egoteak ondoren Euskaraldian parte hartu behar ez baldin badut».

Gainera, bere hitzetan, Euskaraldia eta Gaztealdia bateragarriak dira «iruditzen zait bi proiektuak bateragarri direla eta elkar elikatu dutela, batak bestea indartu du».

Motzean

Hizkuntza bat? Euskara.

Gaztealdia ariketa soziala eginen duzun herria? Leitza.

Herri euskalduna dela uste duzu? Bai, egunerokotasunean euskaraz bizi zaitezke.

Gaztealdiaren iraupena? Azaroaren 12tik azaroaren 19ra.

Euskaraldiko bigarren edizioan parte hartu duzu? Bai, noski!

Ze roletan? Ahobizi gisa aritu naiz.

Amets bat? Euskal gazteek euskararekiko konpromiso handiago izatea eta garai bateko hizkuntzarekiko borroka sena berriro ere piztea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun