Abenduaren 19an inauguratuko dute Leitzako Herri Aretoa

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 10a, 13:00

Abenduaren 18an, 19:00etan, eragileentzako aurkezpena eginen dute eta biharamunean, hilaren 19an, 19:00etan, herritarrentzako inaugurazio irekia eginen dute. Gonbidapenak aurretik hartu beharko dira, astelehenean Maimur eta Astiz liburu-dendetan. Aretoak edukiera murriztuarekin ireki beharko dituenez ateak, hilaren 20an, igandean, inauguraziora hurbildu ahal izan ez duten herritarrentzako aurkezpenaren bideoa zintzilikatuko du udalak. Ikusi hemen argazkiak.

Leitzako Udalak ohar bidez zabaldu duenez, zinea herri ekimenetik sortutako proiektu bat izan zen. Hainbat herritarren eskaerari bide emanez, 1957an Leitzako Udalak aurrekontu berezia onartu zuen zinearen proiektua aurrera eramateko: lurra erosi eta obrak egiteko. Urteekin, ordea, zaharkitu egin zen eta hainbat gabezia agerian gelditu ziren: «ez zituen suteen babeserako eta larrialdietarako neurriak betetzen, irisgarritasun gabezia nabarmenak zituen, teilatuaren egoera kaskarragatik itogin haundiak zeuden, isolamendu eskasa zuen, ekipamendua zaharkitua geratu zen eta ia ezinezkoa zen garaiko filmak eta ikuskizunak eskaintzea». Hori ikusita, 60 urte beranduago, Leitzako Udalak herriko eragile eta herritarren laguntzarekin, beste proiektu bati ekin zion.

Finantzazioa

Udalak herritarrekin eta eragile sozial eta kulturalekin abiatu zuen bidea. Udaletik gogorarazi dutenez, «herriko 39 eragileren babesa jaso zuen proiektuak», eta «kanpainari amaiera emateko Leitzan egin den sinadura bilketa handienetariko bat egin zen. 16 urtetik gorako 1.445 lagunek sinatu zuten egitasmo berri horren alde». Herrian babesa lortuta, udala finantzazio bila abiatu zen: «Parlamentuak aurrekontuetan onartutako partida berezi batzuen bidez, Nafarroako Gobernuak bi urtetan, guztira, 775.000 euroko dirulaguntza eman zion Leitzako Udalari. Horretaz gain, beste dirulaguntza deialdi batzuen bidez, 125.000 euro gehiago lortu ziren, horietatik 100.000 euro Europar Batasunetik. Proiektuak, guztira, 1.300.000 euroko aurrekontua izanik, ia % 70 dirulaguntzen bidez osatzea lortu zen, 900.000 euro».

Erabilera anitzeko aretoa

Hainbat motatako sorkuntzei bide emateko, erabilera anitzeko areto bat izan du helburu Leitzako Udalak, «Leitza herri bizi-bizia» delako. Hori horrela, harmaila mugikorrak jarri dituzte Herri Aretoan: «modu mekaniko eta erraz batean, eserlekuak atera eta sar daitezkeenez, espazioa erabileraren arabera egokitu ahalko den areto zabal bat izanen du aurrerantzean herriak». Harmailak aterata daudenean, 254 eserleku izanen ditu erabilgarri eta bilduta daudenean, areto irekian 500 lagun arte sartu ahalko dira.

Udaletik adierazi dutenez, «sortzaileentzako eskuragarri egonen den espazio publikoa izateaz gain, eskaintza propioa izanen du». Horren harira, «udalak deialdi publiko bidez kontratatuko duen kultur teknikariak programazio propioa garatzeko ardura izanen du eta Nafarroako Antzerki Sarean sartzeko eskaera bideratuko da». Horrez gain, «kongresuak, kontzertuak, hileta zibilak edo agurtzeko zeremoniak, dantza ikastaroak, erakusketak, antzerki emanaldiak, aurkezpenak eta abar antolatzeko eraikina» izanen dela iragarri dute udaletik, «ekipamendu aldetik guztiz hornitua baitago». Bide beretik, «aretoa herriarena eta herriarentzako» dela nabarmendu dute: «herriko eragile eta herritar guztientzat eskuragarri egotea da helburua» eta bide horretan, bere erabilera arautzeko ordenantza onartuko du udalak laster.

Eraikinaren egitura indartzeaz gain, lurpeko biltegi eta aldagela berri bana egin dute, baita mugikortasun oztopoak eta larrialdietarako arazoak ezabatu edota ekipamendu egokiaz hornitu ere. «Efizientzia energetiko aldetik egindako apustua» ere azpimarratu du udalak: «geotermiaz baliaturik eta isolamenduan egin den inbertsioari esker, eraikinak efizientzia energetikoan hobekuntza salto handia eman du. Alegia, kontsumo baxuagoarekin, lehen baino erosoago egon ahalko da bertan».

Bideoan Mikel Zabaleta alkateak adierazi duenez, «euskal kultur paisaian espazio berri bat jaio da: Leitzako Herri Aretoa». Aurkezpena egin eta gero, kultur agenda oparoa antolatu du Leitzako Udalak datozen asteetarako.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun