Abenduaren 7an, astelehenean, 18:00etan, Gartxot filma pantailaratuko dute. Gartxot Arturo Campionek 1917an idatzitako Gartxot Itzaltzuko bardoa liburua oinarri duen lana da, XII. mendeko bardo baten (herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantari baten) bizitza kontagai duena. Orreagako abadeak ez du herriaren kultura gordetzerik nahi eta, ondorioz, Gartxot deserriratu eta Mikelot (semea) bahituko du, latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Mikelot, ordea, ihes egin eta aitarengana joanen da, berarekin herriz herri kantuan ibiltzeko. Elizak desafiotzat hartuko du kantaldi bakoitza eta soldaduak aita-semeen bila ariko dira.