Kontzertuak eta proiekzioak izanen dituzte abenduan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 4a, 18:00

Joseba B. Lenoir eta Miceren kontzertua izanen dute abenduaren 19an. Argazkia: uztarria.eus.

Segurtasun neurri guztiak betez, Ozpinduk eta Sodade musika taldeen kontzertua, Gartxot filma, Joseba B. Lenoir eta Miceren emanaldia eta HTX24 bideo proiekzioa izanen dituzte abenduan Atekabeltzen.

Atekabeltz gaztetxeak antolatutako Negun atekan hotzik ez! egitasmoaren barne, hainbat ekitaldi izanen dituzte abenduan Leitzan. Lehenbiziko hitzordua abenduaren 5ean, larunbatean izanen dute, 18:00etan. Eskolako karpa izanen dute bilgune eta Malerrekako Ozpinduk eta Leitzako Sodade musika taldeen emanaldiez gozatuko dute musikazaleek.

Abenduaren 7an, astelehenean, 18:00etan, Gartxot filma pantailaratuko dute. Gartxot Arturo Campionek 1917an idatzitako Gartxot Itzaltzuko bardoa liburua oinarri duen lana da, XII. mendeko bardo baten (herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantari baten) bizitza kontagai duena. Orreagako abadeak ez du herriaren kultura gordetzerik nahi eta, ondorioz, Gartxot deserriratu eta Mikelot (semea) bahituko du, latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Mikelot, ordea, ihes egin eta aitarengana joanen da, berarekin herriz herri kantuan ibiltzeko. Elizak desafiotzat hartuko du kantaldi bakoitza eta soldaduak aita-semeen bila ariko dira.

Abenduaren 19an eta 26an kontzertua eta bideo proiekzioa

Ekitaldiek abenduaren 19an, larunbatean, izanen dute segida. Joseba B. Lenoir musikari beratarraren eta Miren Nabaiza eibartarraren (Miceren) musika doinuek girotuko dituzte bazterrak. Kontzertua 19:00etan hasiko da.

Abenduaren 26an, azken larunbatean, akituko dituzte ekitaldiak, HTX24 online bideo proiekzioarekin. Hatortxu Rocken aurtengo online edizioaz gozatu ahal izateko sarrerak erosita edukitzea beharrezkoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun