Leitzako udaletxean tokiko garapenari buruz hitz egiteko eskualdeko udalen arteko bilera egin dute

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 4a, 18:00

Ahobatez onartu zen garai zail hauetan tokiko garapenak berebiziko garrantzia duela.

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren artean sinatutako aurrekontu-akordioan 70.000 euroko diru partida bat aurreikusita dago Mimukai proiekturako, tokiko garapena eta elikadura-burujabetza bultzatzeko gune bat irekitzeko. Bilkuran, Mikel Zabaleta alkateak, Mimukai proiektua aurkeztu zuen eta elkarlanean garatzeko deia egin zien gainerako herri ordezkariei.

Mimukai egitasmoa

Txertatutako arbolei ateratzen zaien kimuaren izena daraman proiektuak, elikadura burujabetza sustatzea du helburu. Alkatearen hitzetan, batetik, «elkarlan edo coworking-erako eta enpresa-mintegirako aretoak» izanen lituzte,  eta, baita «janarien prestatzeko sukalde industrial publiko bat eta garapen-agenteentzako eta eskualdeko elkarte ekonomikoentzako bulegoak ere. Tokiko produktua berme guztiekin egin eta balio erantsia eman ahal izateko azpiegitura» litzateke, azaldu du Leitzako alkate Mikel Zabaletak. Gisa honetara «ekoizle txikiek beren produktuak eraldatzeko dituzten oztopoak gainditzea lortuko litzateke, ekoizle txikiek aurre egin ezin dioten inbertsio handiak behar baitituzte», erantsi du.

Aurreikusitako 70.000 euroak «proiektua modu teknikoan» garatzeko erabiliko dituzte, alkateak aurreratu duenez, «egitasmo konplexua» izanen delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun