13 bikotek parte hartu dute Felisa Pellejero frontenis txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 2a, 12:00

Aresoko Felisa Pellejero pilotari profesionala gogoan, joan den larunbatean, emakumeen Leitzaldeko aurreneko frontenis txapelketa jokatu zuten Leitzako Amazabal pilotalekuan. Finalean, Lekunberriko Maider Saralegi eta Maddi Galarza nagusitu ziren Leitzako Goretti Sagastibeltza eta Enara Lasarteren aurka.

Goizez, 13 bikoteen artean, ligaxkako partidak jokatu zituzten. Bikote bakoitzak bi partida jokatu zituen hamar tantora eta puntu gehien lortu zuten bikoteak arratsaldeko fasera pasatu ziren.

Arratsaldean, final-laurdenak 12 tantora, finalerdiak 14 tantora eta finala jokatu zituzten, 16 tantora. Emozioz betetako finala izan zen. Leitzako Goretti Sagastibeltza eta Enara Lasartek eta Lekunberriko Maider Saralegi eta Maddi Galarzak jokatu zuten finala eta 15-16ko emaitzarekin Lekunberrira joan zen garaipena. Denaren gainetik, ordea, «giro bikaina» nabarmendu dute Sastrakak Leitzaldeko talde feministako kideek eta erantzunarekin «oso pozik» gelditu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun