20 bat lagun bildu dira elikadura burujabetza eta feminismoaren inguruan Leitzan egin duten saioan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 1a, 15:00

Baztan, Bortziriak, Mendialdea eta Iruñerriko 20 bat lagun elkartu ziren joan den igandean Leitzako Atekabeltz herrigunean egin zuten elikadura burujabetza eta feminismoari buruzko formakuntza saioan. Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak, Leitzako berdintasun bulegoak eta Bertatik Bertara dinamikak antolatu zuten saioa eta parte-hartzaileak kontent gelditu ziren.

Elikadura burujabetza eta femismoa: eraikitzen ari den proposamena izenburupean aritu ziren Leitzako Atekabeltzen bildu ziren 20 bat lagun eta Etxaldeko emakumeak taldeko Sonia Ingunzak eta Maritxu Arroyok gidatu zuten. Goizeko saioak lau ordu iraun zuen eta, besteak beste, baserritarren identitatea eta lurrarekiko lotura, kontsumo ereduak eta zaporeen homogeneizazioa (jaten dugun elikaduraren jatorria, gardentasun eza...), ekoizpen ereduen arteko talka, agroekologiaren onurak eta zailtasunak bere garapenean, elikadura eta nekazaritza politikak eskutik joateko beharra, NPBko dirulaguntzak eta lurraren jabetza generoaren arabera, belaunaldien arteko erreleboa eta emakume baserritarren eta muginendu feminista eta kontsumitzaileen arteko aliantzak izan zituzten hizpide. Arratsaldean, berriz, Laura Beroiz baratzezainaren proiektua ezagutzeko aukera izan zuten Tolare baserrian.

Parte-hartzaileek «oso balorazio positiboa» egin dute igandean jasotako formakuntza saioaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun