Irati Arozena Almandoz

«Neskak ginelako ez zigutela entrenatuko esan ziguten»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 6a, 11:00

Arozenak Ainhoa Zabaleta, Mayi Zelarain eta Maria Eskudero lagunekin entrenatzen du.

Irati AROZENA ALMANDOZ, goizuetarra.

«Neska bizia eta alaia» da Irati Arozena Almandoz (Goizueta, 1987). Mendia eta esku pilota ditu zaletasun eta lanetik kanpo izaten duen denbora librean kaskoz kasko edo pilotalekuan ibiltzen da: «astean bi egunez pilotan entrenatzen dut eta koronabirusak eragindako egoera honetan asteburuetan mendira joateko aprobetxatzen dut...».

Goizuetar askok bezala, pilotarekiko lotura aspaldi eraiki zuen Arozenak. «Ttiki-ttikitan» Leitzako pilota eskolan eman zuen izena eta urte sailaz bertan aritu zen, gainerako neska-mutikoekin batera.

Urteak aurrera joan ahala, ordea, oztopoak izan ditu eta horiek tarteko «behartuta» utzi behar izan zuen horren gustuko zuen zaletasuna: «nik ez nuen utzi nahi. Neskak ginelako ez ziguten lagundu nahi izan, esku pilotan ez zigutela entrenatuko esan ziguten eta ez genuen aurrera egiteko aukerarik izan». Hori horrela, «azken urteetan» utzia izan du.

Orain, Umore Onak ateak ireki eta emakumezkoak animatu diren momentuan «bi aldiz pentsatu gabe» izena ematea erabaki zuen: «astearte arratsalde batez entrenatzailea haurrak entrenatzera zihoala bi neska esku pilotan hastekoak zirela esan zidan... Egun horretan bertan, lana bukatu eta frontoira azaldu nintzen izena ematera... horrelaxe hasi nintzen».

«Aurrerago txapelketetan parte hartzeko esperantza dugu»

Lau emakumezko ilusioz gainezka

Urri hasieraz geroztik, Ainhoa Zabaleta, Mayi  Zelarain eta  Maria Eskuderorekin batera, garai bateko oroitzapenak berpizten eta lagunartean entrenatzen ari da Arozena: «astean behin hasi ginen eta orain astean bitan elkartzen gara». Euren artean «harreman oso ona» dute eta «oso pozik, ilusioz» ari direla gaineratu du.

Berriz ere pilotalekuan tarte atsegina pasatzeko eta kirola egiteko modua harrapatu du goizuetarrak. Hortaz, pilota gustuko duten inguruko herritarrak ere animatu nahi izan ditu: «herrian bertan ongi pasatzeko aukera polita dugu». 

«Oso harreman ona dugu eta ilusioz ari gara entrenatzen»

Egoera aldatu, babesa lortu

Gero eta gehiago dira emakumezko pilotariak eta hori ikusteak «poz haundia» ematen dio goizuetarrari. Bereziki, aldaketa horren lekuko izan denez, estimuz eta begi onez jo du Umore Onaren aukera: «eskerrak egoera aldatu den. Lehen ez bezala, gustuko duzun kirol batean babesa izan badugula ikusi dugu...».

Babes horrek ilusioa pizteko eta aurrera egiteko indarra ematen dio. Hortaz, «aurrerago» Master Cup edo gisako txapelketetan parte hartzeko aukera ez dute baztertu: «esperantza beti eduki behar da eta...». 

Momentuz, ordea, ez du horretan jarria begirada. Sortu zaion aukera hori baliatzea eta ongi pasatzea du lehentasun.

Egunerokoa gozamen

Ez pilotalekuan bakarrik, kanpoan ere «herriko lasaitasunaz» eta gustuko dituen inguru ederrez gozatzen segitu nahi du. Hain zuzen «eguneroko martxa horretan ongi segitzeak» egiten duelako zoriontsu. Eta zoriontasun horri esker, alai eta pozik bizi delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun