«2008tik zetorren finantza-, ekologia- eta jendarte-krisia pandemiak areagotu» egin dutela esanez hasi zuten Leitzaldeko Sastrakak talde feministak deitutako elkarretaratzea. «Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen hainbat dimentsiotako krisiak: merkatuarekiko dugun menpekotasuna, zerk duen egiturazko lehentasuna, eta horrez gain, agerian gelditu da zer den jendarte desorekatua, injustua eta askotariko indarkeriek zeharkatua».
Gobernuek epidemiaren aurrean hartutako neurriek «arrazakeria, prekarietatea, emakumeen bereizkeria eta herri burujabetzaren galderak biderkatu besterik ez dituztela egin» salatu zuten eta krisialdiak «eremu feminizatuan eragin zuzena» izan duela kritikatu zuten, «bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan».
«Bizitzak erdigunean jartzeko eta beste jendarte eredu baterantz urratsak emateko zaintza ereduaz hausnartzeko» beharraz aritu ziren Leitzako elkarretaratzean, eta «proposamen politiko kolektiboa» eskatu zuten, «heteropatriarkatuaren, pribatizazioaren, kapitalismoaren eta kolonialitatearen arrakaletatik haratago doana». Pandemiarekin proposamen horretatik «urrun» ibili direla azaldu zuten eta «birusa garaitzea, etxeratze agindua, poliziaren etengabeko presentzia...» aipatu zituzten horren adibide. «Eskala indibidualean eta familia nuklear heteroarautuen logikan pentsatu dira azken hilabetean hartutako neurriak: konbibentzia burbuilak, familiakoak zaintzeko baimen bereziak... Hausnarketa handirik gabe, babes sareak bikotera edota odoleko familia harremanetara mugatzea bihurtu da normalitate berria, beti segurtasunaren izenean. Burbuila txiki eta bakanduetan sartu gaituzte, aisialdirako eta harremantzeko espazioak kendu dizkigute, ehun produktiboari eustera behartu gaituzten bitartean».
Burbuila nuklear horietan «emakume edo generoaren disidente askorentzat espazio seguruak ote diren ez dela zalantzan jarri» kritikatu zuten: «ez dira eskaini bertan ematen diren biolentzia matxistei aurre egiteko baliabideak».
Euskal Herriko Bilgune Feministarekin bat eginez, Leitzaldeko Sastrakak talde feministaren irudiko, «bizirauteko urgentzia bihurtu da burujabetza, gure osasun eta gorputzetatik hasita». Hala, ««antolakuntza feminista eta herrigintza oinarrizko eskubideak» direla aldarrikatu zuten: «lehentasunezkoa da gure komunitate feministak josteak eta aktibatzea larrialdi egoera honi aterabidea emateko. Burbuila nuklearrik? Ez, eskerrik asko». Hori horrela, «indarkeria matxistaren aurrean, babes sare anitzak nahi» dituztela azpimarratu zuten.