MIKEL ARISTETA

«Txikitatik heldu zait zaletasuna, berezkoa dudala esan nezake»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 28a, 11:00

Egin duen lasterketa politena Kotarr zirkuitua izan dela aipatu dio Ttipi-ttapari.

Mikel ARISTETA, leitzar motorzalea

Ibilgailu motordunekiko zaletasuna txikitatik datorkio leitzar gazteari eta bere afizioa ofizio eginez, duela bost urte herrian tailer propioa ireki zuen. Gainera, zaletasuna bere bikotekidearekin partekatzen duela adierazi du.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Pertsona alaia eta irekia.

Zein dira zure zaletasunak?

Motorra eta gurpila dituen makina guztiak. Egun rallyetan parte hartzen ez badut ere, motorshow eta zirkuituetan parte hartzen dugu nere kopilotuak eta biok.

Nondik datorkizu gurpildunekiko zaletasuna?

Txikitatik heldu zait motorrarekiko zaletasuna, berezkoa dudala esan nezake. Gainera, etxean beti ezagutu dut osaba batzuen bidez baita herriko zenbait lagunekin ere. Honetaz gain, neska-lagunak eta biok zaletasun hau partekatzen dugu.

Zure kotxeekiko afizioa lanbide ere baduzu?

Bai. Duela bost urte herrian tailer propioa ireki nuen.

Zer eskaintzen dizute kotxeek bertze zaletasunek ez dutena?

Hauek prestatzea erronka bat da eta ibiltzean adrenalina asko erretzen dut.

Zaletasun garestia omen da...

Zaletasun garestia da, batez ere, kotxean egin beharreko moldaketak egiteko norberak egin beharrean, tailer batera eramaten bada.

Bakarrik edo pilotukide batekin gidatzea nahiago duzu?

Orokorrean kopilotuarekin gidatzen dut. Kasu honetan, nire kopilotua nire bikotekidea da, eta berarekin gidatzeak konfidantza handia ematen dit.

Zein da egin duzun lasterketa politena?

Gehien gustatu zaidan zirkuitua Kotarr izan da. Zirkuitu  honek denbora gutxian kurba asko eskaintzen dizkizu eta zure gidatzeko gaitasuna proban jartzen du.

Leitza aldean kotxe zaletasun handia dago?

Urteotan aldaketa handia ikusi ahal izan dut. Garai batean zaletasun handia zegoen, gaur egun, aldiz, jende gutxik partekatzen dugu kotxeekiko zaletasuna.

Rallyetan laguntzaile edo pilotu gisa aritzea, zer duzu nahiago?

Bietan aritu izan naiz eta oso gauza ezberdinak eskaintzen dizkizu. Laguntzaile aritzean beste pilotuek dituzten abileziak ikusteko aukera gehiago duzu. Aldiz, zu gidari zarenean zirkuitua zure esku eta gorputzean sentitzeko aukera duzu.

Amets bat?

Japonian Drift egitea da nire ametsik handiena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun