Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako gazteen errealitatea ezagutzeko galdetegia betetzeko azken egunak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 18a, 09:00
Gazte talde bat Atekabeltz gaztetxean.

Eskualdeko gazteen artean askok bete dute dagoeneko inkesta baina, oraindik bete ez dutenei, haien iritzia ematera animatu nahi diete esteka honetan klikatuz: https://labur.eus/gazteplana

Gizarte Zerbitzuetako mankomunitateak gidatzen duen Gazte Plana osatzeko prozesua arrakastaz abiatu da. Duela bi aste 12 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako galdetegia zabaldu zuten eta, dagoeneko, 318 dira iritzia eman dutenak. Hala ere, oraindik bete ez dutenek, azaroaren 22ra arte epea zabalik dute.

Parte-hartze maila ezberdina da herri batetik bestera eta nabari da herririk txikienetan, Aranon eta Areson, parte-hartze handiagoa dela, %63 ingurukoa. Leitzan, portzentajea baxuagoa bada ere, aintzat hartu behar da Leitzan, gaur gaurkoz, hiru gaztetatik batek bete duela galdetegia, 162 guztira. Halaber, azpimarratzekoa da, Goizuetako 12 eta 16 urte arteko gazteen %82ak parte hartu duela dagoeneko.

Sexuaren arabera, emakumezkoak dira gehien parte hartu dutenak, %56a. Gizonezkoak %39 dira, %1 ez binarioa da, eta gainontzekoak ez dute erantzun nahi izan.

Oraindik galdetegia bete ez dutenek, igande arteko epea izanen dute haien iritzia emateko. Ondotik, herri eta adin ezberdinetako hainbat gazte elkarrizketatuko dituzte, lortutako diagnostikoan sakondu eta ekintza planari begira gazteen aldetik proposamenak biltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun