Jaione Mariezcurrena Lopez

«Zorioneko eta zorteko sentitzen naiz Txorieneko familian»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 14a, 15:00

Mariezcurrenak kamera aurrean ohitzen ari dela eta Zigor bezalako hiztun batekin kamerez oroitzea zaila egiten zaiola adierazi du.

Jaione MARIEZCURRENA LOPEZ, leitzarra.

Leitzarra da sortzez eta bihotzez, baina aspaldian herritik kanpo bizi da Jaione Mariezcurrena (Leitza, 1981): «16 urterekin alde egin nuen eta ondotik Amezketako baserri batera ezkondu nintzen».

Herritik kanpo egin du bere habia: «goizean goiz jaiki eta hiru umeen atzetik ibiltzen naiz, etxe inguruko lanetan eta baratzean…». Tarte libreetan «eskulanak egitea eta margotzea» du gustuko. Badu, denbora faltagatik, alde batera utzi duen eta oraindik probatu gabe duen arlorik ere: «mendia utzia dut eta buztina lantzen ikasi nahiko nuke».

Erredakziotik pantailara

Egunerokoarekin eta zaletasunekin lotuta, leitzarrak telebista du azken urteetan ogibide. EITBko Txoriene telebista saioan lau urte daramatza, burua eta eskuak horren gustuko duen sukaldaritzari lotuta: «Zigor lehendik ezagutzen nuen eta probatzeko proposamena egin zidan. Halaxe hasi nintzen, gidoilari lanetan eta hiru denboraldiz horretan aritu naiz». Laugarrena du aurtengoa eta berezia izaten ari da, kamera aurrean egotea egokitu baitzaio: «gogotsu eta dudaz josita eman dut pausoa».

Hasieratik taldearen babesa sumatu du eta horri esker, «eroso» sentitu da: «familiatxo bat gara, elkarri asko laguntzen diogu. Orain arte lau izan gara eta orain bost gara. Zorteko eta zorioneko sentitu naiz eta gurekin hasi den Mirari lankidea ere hala sentitzea espero dut».

«Tabernetara joatean pintxoak nola egin dituzten begiratzen dut»

Sukaldaritza zaletasun eta ogibide

Lehendik ere jendaurrean aritua da Mariezcurrena: «Aurreko hamarkadan Leitzan antzerkia egin nuen. Telebistarekin ez du lotura zuzenik ere… Horrez gain, casting batzuk egin izan ditut eta Goenkalen parte-hartze txiki-txiki batzuk ere egin nituen».

Mundu hori utzita zuela berriz ere sartzeko aukera izan zuen eta ezin izan zion uko egin. Izan ere, «sukaldaritza betidanik pasioa izan da… Taberna batera joan eta pintxoak edo platerak nola eginda dauden asmatzen saiatzen naiz, etxean egiteko». Urte luzez ostalaritzan lan egina da leitzarra eta «ekialdeko medikuntza, naturopatia eta elikadura» alorreko formakuntzak jaso ditu. Osasuntsu egoteko osasungarria denari begira ibili izan da.

Ikasketen eta jendaurreko esperientziaren uztartzeak eraman du Txoriene saioan hasi berri duten etapa horretara: «ohitzen ari naiz. Elkarrizketa batean murgiltzen zarenean, Zigor bezalako hiztun batekin, zaila da kamerez oroitzea. Aldi berean, zaila da buruari hitzak erraz ateratzen uzteko agintzea…». Hala ere, duen laguntzari esker, ikasten ari da.

Errezeta ugari

Hasieran «osagai bat hartu eta bakoitzak bere bertsioa, bere platera, egiteko asmoa» zuten baina oraingoz, elkar laguntzen eta erronkak paratzen ari dira. Batzuetan bere errezetak eta besteetan Zigorrenak eginen dituzte eta momentuz ideia eskasiarik ez dute: «osagaiak, interesa eta jateko gogoa mugagabea da».

Bakoitza bere estilotik, ederki moldatzen dira: «Zigorrek errezetaren oinarria tradizionalagoa izan arren, abangoardistago edo itxurosoago egiteko dohaina du: atonketan, apainketan… Teknikak eta gehiago ezagutzen ditu».

«Asteazkenetako saioetan giro berezia izaten dugu»

Astelehenetik ostiralera

Bien onena ikusiz ikasteko aukera izanen dute ikusleek eta, denen gustua asetzeko, gisa guztietako platerak eginen dituzte: «astelehen aldapatsuari aurre egiteko gozogintzarekin lotutako saioa izanen dugu; astearteetan baratzeko kontuak, garaiko eta sasoiko produktuak izanen ditugu oinarri». Asteazkenak kutxazkena izanen dira: «Zigorrek kutxa batean osagai batzuk izanen ditu, nik jarriko dizkiot eta berak ez du zer dagoen jakinen. Horrekin batera, gai bat emanen diot, pertsona eta egoera bat hartzera behartuz». Ostegunetan «errezeta liburuetatik ateratako errezetak» kozinatuko dituzte, eta «helburua jendea herriko liburutegietan errezeta liburuak hartzera» animatzea izanen da. Azkenik, ostiraletan «astebururako gutiziak» izanen dira, baita bestelakoak ere.

Gustukoenak asteazkenak eta ostiralak ditu: «asteazkenak bereziki, bai osagaiak baita giroa ere prestatzen dudalako. Hala ere ostiraletako gutiziak ere gustuko ditut».

Esker onak

Hasiberri duen «erronka» hau «autokonfiantza garatzeko» baliatu nahi du leitzar sukaldariak: «beti erosotasunari begiratuko bagenio ez ginateke askorik mugituko eta, etorkizunean, atzera begiratzen dudanean, hor izanen da». Oroitzapenen saskian izanen du Txoriene. Eta hori, hein handi batean, bertan eratutako «familiatxoari zor» dionez, ez ditu eskerrak eman gabe utzi nahi izan: «eskerrik asko zuzendariari, Zigorri, Alex Bilbaori, erredakzio laguntzaileari, Mirariri eta talde osoari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun