Buruz buruko promozio txapelketan parte hartuko du Iker Salaberria goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 11a, 12:00
Buruz buruko promozio txapelketan parte hartuko duten zortzi pilotariak, aurkezpenean.

Lehen partidan Erasun izanen du arerio ortziralean Irunen

Zortzi pilotarik parte hartuko du eskuz banakako promozio mailako pilota txapelketan. Iker Salaberria goizuetarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Final laurdenetako kanporaketa ortziralean jokatuko du Erasunen kontra, Irungo Uranzu pilotalekuan 22:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan. Aitzinetik, Zabalak eta Arteagak jokatuko dute bertze kanporaketa bat.

Larunbatean, Bilboko Bizkaia frontoian Elordi eta Aranguren izanen dira aurrez aurre eta igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan, Urretabizkaia II.a eta Egiguren V.a.

Txapelketa nagusia bezala, txapelketa azkarra izanen da promoziokoa ere, ez da atzerapenik onartuko eta azaroaren 28an jokatuko dute finala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun