Julen Olano leitzarra nagusitu da Urrezko Aizkolari Kopako bigarren kanporaketan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 9a, 12:00
Maeztuko jaialdian aritu ziren aizkolari, harri-jasotzaile eta ingude-altxatzaileak.

Hasiera batean Trebiñun aritzekoa bazen ere, azkenean igande eguerdian Maeztun (Araba) jokatu zen Urrezko Aizkolari Kopako bigarren kanporaketa. Julen Olano leitzarra zen eskualdeko ordezkari bakarra eta berak lortu zuen garaipena eta hurrengo kanporaketarako txartela. Leitzarrarekin batera Suharri Rodriguez, Iban Resano eta Luis Txapartegi aritu ziren.

Halere, ez ziren gauzak ongi hasi leitzarrarentzat. Lehenbiziko buruz burukoan, bi kanaerdikotara, Txapartegiren kontra egokitu zitzaion eta gipuzkoarra nagusitu zen bi segundorengatik. Bertze lehian, Resanok irabazi zion Rodriguezi, bortz segundogatik. Bigarren fasean, lehen faseko irabazleak galtzaileen kontra aritu ziren, berriz ere bi kanaerdikotara. Txapartegi erraz gailendu zitzaion Rodriguezi eta Olanok ere nagusitasunez menpean hartu zuen Resano. Beraz, azken saioan, berriz ere Txapartegi eta Olano izan ziren aurrez aurre, oraingoan lau kanaerdikotara. Hasiera berdinduaren ondotik (lehen kanaerdikoa mozteko denbora bera behar izan zuten Olanok eta Txapartegik, 2 minutu eta 10 segundo), leitzarra nagusitzen joan zen. Azkenean 9 minutu eta 35 segundo behar izan zituen Olanok lau kanaerdikoak mozteko eta Txapartegik 11 minutu eta 16 segundo.

Julen Olano leitzarra lanean, igande eguerdian Maeztun.

 

Harri-jasotzaileak eta ingude altxatzea

Aizkolarien lehiaz gain, binakako harrijasotze txapelketako saioan Aimar Galarraga oriotarra eta Aizarnako Jagoba Otaegi aritu ziren, bina minutuko txandetan 175 kiloko laukizuzenarekin, 138 kiloko kubikoarekin, 100 kiloko zilindro zaharrarekin eta 100 kiloko borobilarekin. Denera 59 jasoaldi egin zituzten eta 6.842 kilo bizkarreratu.

Bukatzeko, emakumezkoen ingude txapelketan Arabako Estibaliz Cidad aritu zen hamar kiloko ingudearekin, minutu bateko bi txandetan. Denera 116 jasoaldi egin zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun