Leitzaldeko irakurle talde feministak taldeari jarraipena ematea erabaki du

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 10a, 11:00

Uxue Alberdi idazlearen Kontrako eztarritik liburua irakurtzeko deia egin du Sastrakak Leitzaldeko Feministak taldeak. Abenduaren 17an bilduko dira, irakurritakoaren inguruko ideiak elkarbanatzeko.

Martxoaren 8aren bueltan egin zituen aurreneko mugimenduak Sastrakak talde feministako irakurle taldeak. Orduko hartan Kattalin Minerren Moio liburua aukeratu zuten eta irakurritakoa hizpide hartuta ideiak elkarbanatzeko bildu ziren. Pandemiaren eraginez, espero baino jende gutxiago elkartu ziren, baina bildutako sei-zazpi lagunak «oso gustura» egon zirela adierazi dute irakurle talde feministatik, eta «irakurle taldeari jarraipena ematea pentsatu genuen». Hala, maiztasun finkorik gabe, hiru hilabetean behin liburu bat aukeratu eta irakurri nahi dute.

Aldi honetan Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik aukeratu dute. Jakinarazi dutenez, interesa dutenek Leitzako liburutegian hainbat liburu izanen dituzte eskuragarri eta horrez gain, online irakurtzeko aukera ere izanen da. Behin irakurrita, abenduaren 17an Atekabeltzen elkartuko dira, 18:30ean.

Irakurle talde feministatik animatzeko deia egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun