Erreskate taldeek ezin izan dute deus egin Artikutzan hil den gizonezkoaren bizia salbatzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 7a, 21:02
Artikutzan zuhaitzak mozten ari zela hildakoaren erreskatea. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak

58 urteko oiartzuar bat hil da larunbatean Artikutzan, arbolak botatzen ari zenean beste bi lagunekin batera. Ageri denez, hildakoa, zuhaitz baten azpian harrapatuta gelditu da erreskate taldea iritsi den arte eta, zoritxarrez, hauek ezin izan dute deus egin haren bizitza salbatzeko.

Larrialdi zerbitzuek alerta dei bat jaso dute 09:00ak inguruan, eta gertaeraren lekura Nafarroako eta Gipuzkoako suhiltzaileekin batera, ertzainak eta osasun-langile bat ere gerturatu dira. Azken honek, dagozkion egiaztapenak egin ondotik, gizonaren heriotza ziurtatu du.

Istripua gertatu den ingurura iristeko zailtasunak izan dituzte erreskate-taldeek baina, azkenik, Ertzaintzaren Erreskate Unitateak, helikoptero baten laguntzarekin, hildakoaren gorpua atera du eta anbulantzia batek Donostiako Auzitegiko Patologia Institutuara eraman du autopsia egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun