Agirrek binakako pilota txapelketan parte hartuko du

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 5a, 13:00

Nafarroako eta Errioxako pilotariek euren herrialdeetatik atera ezin dutela eta bertze zenbait euren etxeetan bakarturik daudela ikusita, antolatzaileek bertan behera utzi dute lau eta erdiko emakumeen master cup txapelketa. Horren partez, binakako txapelketa «malgu» bat jokatuko dutela adierazi dute eta parte hartuko duten 16 pilotarien artean, Iera Agirre leitzarrak jokatuko du.

Ezohiko egoera tarteko, «binakako txapelketa malgu eta alternatibo batek beteko du datozen asteetan kaiolak utzitako hutsunea». Halaxe adierazi dute antolatzaileek. Argitu dutenez, «hasiera batean irekia zen txapelketa gonbidapen bidezko lehiaketa» bihurtu da hala, «positibo edo bakartze kasuren bat izanez gero, ordezkapenak errazago moldatu ahal izateko itxaropena» dute. Gisa honetara, emakumezko pilotariek frontoietan lehiatzen jarraitu ahal izatea bermatu nahi dute. Txapelketa pilota mistoarekin jokatuko dutela jakinarazi dute.
 
Guztira, bi multzotan banatutako zortzi bikotek, 16 pilotarik, hartuko dute parte.
 
  • A taldean: Andrea Aldaregia (Latasa)-Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate), Patri Espinar (Usansolo)-Naroa Agirre (Arroa), Olatz Arriabalaga (Gernika)-Ane Urkizu (Berastegi) eta Iera Agirre (Leitza)-Arrate Bergara (Bergara).
  • B taldean: Leire Garai (Gasteiz)-Gentzane Aldai (Orozko), Miren Larrate (Bidania)-Nora Mendizabal (Andoain), Ainhoa Ruiz de Infante (Otxandio)-Miriam Arrillaga (Aginaga) eta Amaia Aldai (Dima)-Oihana Orbegozo (Azpeitia).

Multzo bakoitzeko lehenbiziko bi bikote sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 6an eta, dena ongi badoa, finala abenduaren 20rako iragarri dute, Arrigorriagan.

Asteburuan txapelketako lehenbiziko partidak
Larunbatean Guardian (Araba), hasiko da txapelketa, 18:00etan. Alde batetik, Aldaregia-Ruiz de Larramendi eta Espinar-Agirreren aurka ariko dira eta bertzetik, Iera Agirre-Bergara eta Arrizabalaga-Urkizu ariko dira. Igandeko jaialdia Legution (Araban) izanen da, ETB1eko kamerak zuzenean direla, 12:00etatik aitzinera. Jaialdiko lehenbiziko partidan, Garai-Aldai bikotea Ruiz de Infante-Arrillagaren kontra ariko da eta bigarrenean, Larrarte-Mendizabal eta Amaia Aldai-Oihana Orbegozo ariko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun