Leitzako Itzare udal haur eskolak logoa aldatzeko lehiaketa parte hartzeko azken egunak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 23a, 07:00
Hiru finalistak haur-eskola, udala eta gurasoen ordekariz osatutako epaimahaiak aukeratuko du.

Eraberritze prozesuan dagoen Itzare udal haur eskolak logoa aldatzeko lehiaketa antolatu du. Partze hartzaileek diseinua abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dute Leitzako Udalean edo haur eskolan.

Lehiaketa irekia da, edonork parte har dezake eta nahi izatera, diseinu bat baino gehiago ere aurkez daiteke. Diseinuak haur eskolaren izaera islatu behar du: haurraren ongizatea, autonomia eta gaitasunetan zentratua; errespetuzkoa, herritarra, bizia, eta zaintzailea; jolas librea eta natura funtsezkotzat dituen eskola.

Logoan integratuta Itzare Haur Eskolaren izena azaldu behar da, eta lanek originalak izan behar dute, bertze inon aurkeztu gabea.

Aurkezteko zehaztasunak

  • Paperean: 4x4 cm. eta DIN A3-ko neurrietan bi kopia aurkeztuko dira; gerora, finalistei irudia formatu digitalean helaraztea ere eskatuko zaie, koloretan zein zuri-beltzean.
  • Diseinuaren zergatiaren azalpen laburra idatzi behar da, logoarekin batera emanez.
  • Edozein komunikazio euskarri edo neurrira egokitzeko modukoa izan behar da, kalitaterik galdu gabe.
  • Parte-hartzailearen datuak gutun-azal itxian sartuko dira.

Lehenengo irabazleak Leitzako dendetan gastatzeko 100 euroko bonua eta bertako produktuen saski eder bat eskuratuko du. Bigarren eta hirugarrenak aldiz, Leitzako jatetxe edo taberna batean bi pertsonentzat otordu ederra jasoko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun