Goizuetako Goxalik ostiralean zabalduko ditu ateak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 2a, 15:00
Goxaliko begirale arduraduna Amalur Narbarte izanen da. Argazkia: 2015ean Goxalin parte hartu zuten umeak.

Goizuetako Goxalik datorren ostiralean, azaroaren 6ean, zabalduko ditu ateak eta lau zerbitzu eskainiko ditu: multzo-ekintza, joko-tailerrak, liburutegia eta eskola laguntza. Goizuetako Udalak, Gizarte Zerbitzuak, Xalto Eskolak eta Guraso Elkarteak antolatutako eskaintza da.

Goizuetako haur eta gazteei bideratutako gune honek aisialdi osasugarria, autonomia, sormena eta ardura bezalako baloreak bultzatzen ditu. Aurten, dena den, garai berrietara egokitutako neurriak hartu behar izan dituzte. Zerbitzuak doakoa izaten segituko du, baina edukiera mugatua egonen denez, galdetegi bidez izena eman beharko da:  https://forms.gle/Erdb4WtvD1HmKvSG7. Azaroaren 16ra arte ematen ahalko da izena.

Ludoteka, ordez, multzo ekintzak antolatu dira eta eskolako ziklokako burbuilak mantenduz . Ordutegia honakoa izanen da:

  • Astelehena 17:00 -18:00: LH 1 eta LH 2
  • Astelehena 18:00-19:00: LH 3 eta LH 4
  • Ostirala 17:00-18:00: LH 5 eta LH 6
  • Ostirala 18:00-19:00: DBH 1 eta DBH 2

Joko tailerrak, Haur Hezkuntzako haurrei eta haien gurasoei bideratutako zerbitzua hilabeteko azken ostegunetan eskainiko da, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara.

Liburutegiaren kasuan, Leitzako liburutegitik hilabetero liburuak ekarriko dituzte, Goxalin bertan irakurri ahal izateko. Maileguan eskatuz gero, ordea, liburutegi ibiltariaren zerbitzura jo beharko dute hilabeteko azken ostiraletan eskaintzen den zerbitzura joaz (14:30-15:30 Goizuetan eta 15:30-16:30 Aranon).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun