Mirari Etxegia Perurena

«Txapelketetako lehiak jendea erakartzea zailtzen du»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 31a, 12:00
Iaz jokatu zuen azken txapelketa Etxegiak. Hala ere, lagunarteko partidak jokatzen segitzea ez du baztertu.

Mirari ETXEGIA PERURENA, Goizuetako palista

Hogeita hamar urtez pala besapean herriz herri ibili ondotik, iaz jokatu zuen azken txapelketa Mirari Etxegiak. Aurrerantzean lagunarteko partidetan edo Goizuetan sortu duten pala eskolan ikusiko dugu.

Pala bezain gogorra izan da emakumezko palistek «onartuak izateko» egin izan duten ibilbidea. Mirari Etxegia Perurenak (Goizueta, 1964) ongi oroitzen ditu «emakumezkoak izan eta kirola egite hutsagatik» aditutako irainak. Zailtasunak zailtasun, «kirolaz gozatzeko, ezagutzera emateko eta gazteak lotzeko» eginahalak eta bi egin ditu. Bide horretan segitzeko asmoa du, Umore Ona elkarteak sortu berri duen pala eskolan.   

Noiz hasi zinen palan jokatzen?

Herrian beti pilotan, palan edo futbolean ibili izan gara. Aukera askorik ez genuen… Kalean edo plazan elkartzen ginen eta horrelako jokoetan aritzen ginen. 1988an edo, buelta horretan behintzat, irakasle ari nintzen Mugairin eta mutilekin palan jokatzen nuen. Ahizpa Xole ere Goizuetan bizi zen eta berari ere kirola gustatzen zitzaion. Bera lehenago hasi zen entrenatzen… Txapelketetan, berriz, aldi berean hasi ginen. Nire koinatua lesakarra da eta herrian txapelketa bat jokatzekoa zela esan zigun. Horrelaxe jokatu genuen lehenbiziko txapelketa, Lesakan.

Nola oroitzen duzu hasiera hura?

Lehenbiziko txapelketan urduri nintzela oroitzen dut. Txiki-txikitatik ez nintzen pilotan ibilia. Nire ahizpa gehiago ibiltzen zen, eta bere arrimuan hasi nintzen. Lehenbiziko aldiz Lesakan jokatu nuen eta txapelketa nahiko sendotua zen ordurako. Igantziko lizarditarrak ibiltzen ziren… Gu Bea Lizardi eta Marta Iguzkiagirreren aurka aritu ginen. Hasieran urduri nengoen. 20-10 galtzen hasi ginen baina buelta eman genion. Gu ginen kanpokoak ginen bakarrak, besteek jarraitzaile sutsuak zituzten…

«Erraketak duen lekua palak hartzeak poztuko ninduke»

Urduritasuna joan zitzaigunean buelta eman eta irabazi egin genuen. Egun hartan, Intxaurrondon emakumezko batzuk elkartu nahian zebiltzala esan ziguten. Hara joan ginen eta, pixkanaka, gehiago aritzen hasi ginen: entrenatzen hasi eta federatu egin ginen. Pauso horiek 90eko hamarkadatik aurrera eman genituen. Hasieran mutilen aurka aritu ginen eta gero herritako neskak elkartzen hasi ginen. Neskak nesken aurka lehenbiziko txapelketa Lesakan jokatu genuen eta hortik federazioak antolatutako Gipuzkoako txapelketetara jo genuen.

Zenbat emakumezko aritzen zineten?

Bazter guztietakoak biltzen ginen, hogei bat. Hasieran, bakoitza bere herrian aritzen zen eta izaera bereziko emakumeak bagina bezala ikusten gintuzten, beti mutil artean ginelako. Hastapenak horrela izan ziren. Futbola, pilota… kirola gustatuz gero, hori zen modua. Elkartu ginenean, Aizarna (Zestoa), Aia, Donostia, Irurita, Igantzi, Oronoz… inguruko lagunak egin nituen. Horrela hasi ziren txapelketak: Intxaurrondon, Donostian, Lesakan, Donezteben, Iruritan…

Etxegia 1995ean Amurrion jokaturiko txapelketa batean.

Bazterketa sumatu zenuen?

Mari-mutil eta tankerakoak esaten zizkiguten kirola egite hutsagatik. Gure garaian horrela zen. Gogoan dut txapelketak hasteko edo onartuak izateko Hernanin mutilen mailan jokatu behar izan genuela. Lehenbiziko partida, mutilen aurka, 30-6 galdu genuen. Izugarrizko egurra eman ziguten, gainera aurkariak aurreko urteko txapeldunak ziren… Hasteko eta ezagutzera emateko sufritu behar izan genuen, bai.

Egun emakume asko aritzen dira?

Ez da hain arraroa, baina oraindik orain emakumeak mugitzea kosta egiten da. Pala kirol gogorra da eta gustatu egin behar da. Pilotan bezala, palan ere emakume gutxi daude eta aritzen direnak eskuz ere badabiltza.   

Esku-pilota probatzeko asmorik izan duzu?

Ez, ez… Eta adin honekin ez naiz hasiko (irri artean). Pala dut gustuko, eta bereziki trinkete modalitatea. Palan frontoian hasi ginen, ezker paretan, eta gero trinketekoa erakutsi ziguten. Mundialak, adibidez, trinketean jokatzen dituzte. Emakumezkoek ezker paretako munduko txapelketak ez dituzte jokatu.

Oraindik orain, emakumezkoen presentzia ez da gizonezkoena bestekoa kirolean… Palaren kasuan, koska hori nabarmenagoa dela esanen zenuke?

Bai, telebistak ematen du ezagutzera eta orain emakumezkoak esku-pilotan hasi dira. Horrekin presentzia hori areagotzen da. Oro har, pala partida gutxi ikusten dira telebistan eta emakumezkoenak gutxiago. Babeslerik ez dagoenez, txapelketa gutxi antolatzen dira… Zaila izaten da. 

Zenbat txapelketa jokatzen dituzue urtean?

Lehen asko mugitzen ginen: Etxarri Aranatzen, Lesakan, Iruritan, Irunen, Hondarribian,  Hernanin, Donezteben… herri askotan antolatzen ziren. Beti emakumezkoak ziren bultzatzaileak. 

«Palan emakume gutxi daude eta gehienak eskuz ere aritzen dira»

Gaur egun federazioak antolatzen ditu txapelketa batzuk, baina herrietan ez da hainbeste jokatzen. Iparraldean izaten dira, eta hemen [Hegoaldean], inguruko herrietan. 

Urte dezentez aritu zara...

Bai, iaz Hondarribian txapelketa bat irabazi genuen eta hori izan zen azkena. Printzipioz txapelketetan ez dut gehiago parte hartuko. Jende gazte asko dago eta norbaitek hartu behar du haria.

Hala ere, entrenatzen segitzen duzu.

Bai, beti gustatu izan zait... Baina ez da erraza, lagun bakoitza txoko batekoa delako eta elkartzeko zailtasunak izaten ditugulako.

Zertan aldatu dira urteotan entrenamenduak?

Lehen zaletasuna zen, nahi genuelako aritzen ginen. Entrenatzailea zaletua genuen, ez  teknikoa… eta berandu hartu genituen teknikak. Orain hamasei urtetan nabarmentzen hasten dira. Gaur egun, helburua ez da bera. Federatua egoteko txapelketa bat edo bi jokatu behar dira. Lehen denak jolastu nahi genuen… Orain dena arautuago dago eta motibazioan eragina du horrek. Onak direnak oso ondo, aurrera egiteko modua izaten dute. Baina tartekoa izanez gero, zailagoa egiten da eta uztea errazagoa da. Guk jendea kirolera erakartzea genuen helburu, kirola egitea eta kirola mantentzea. Txapelketetan bikote parekatuak egiten genituen eta jokoa eman nahi izaten genuen, gazteak kirolera lotzeko. Egungo helburuak ez du horrenbeste erakartzen.

Lagunarteko partidetan segitzeko asmorik baduzu?

Txapelketak utzi ditudan arren, afizionatu bezala jokatzea ez dut baztertu. Iaz bezala, garai bateko emakumezko taldea elkartuta, berriz jokatuko nuke… Lagunartekoa gustatzen zait, elkartu eta partida batekin ospatzea.

Nola ikusten duzu palaren etorkizuna?

Zail. Palan aritzen ziren gaztetxo batzuk eskuz hasi dira, hor irtenbide bat ikusi dutelako. Beharbada bultzada ematen dio esku-pilotak palari baina… Ez dakit, ez dakit. Leku askotan txapelketarik ez dute antolatzen. Palan aritzen alditik aldira gutxiago ikusten ditut eta horrek tristura eragiten dit.

Umore Ona elkarteak pala eskola sortu berri du eta astelehen eta asteazken arratsaldeetan biltzen hasiak dira.

Umore Onak sortu berri duen pala eskolari esker, «herrian bertan elkartzeko eta kirola egiteko» aukera dute urriaren 7az geroztik goizuetarrek.

Bederatzi kirolarik eman dute izena eta Etxegiaren gidaritzapean biltzen hasiak dira. Entrenamenduak bi taldetan banatuta egiten dituzte, astelehen eta asteazkenetan: «neskek 17:30etik 18:30era dute eskola eta tenis-pilotarekin hasi dira; mutilek, berriz, 19:30etik 20:30era eta pilota trinkoarekin ari dira».

Pala eskola herrian

Trebatzeko eta gozatzeko gunea herrian bertan izatea, palak beharrezkoa duen bultzadatxoa emateko «aukera ona» da Etxegiaren ustez. Hortaz, izan ez zuena eskaintzeko prest agertu da: «entrenatzaile aritzeko proposamena pozik onartu nuen. Niri beti kanpora joatea tokatu izan zait eta herrian bertan izatea eskertu izanen nuke. Lanetik atera, etxera etorri eta kirola egitera».

Eskola baino gehiago

Eskolaren sorrerak eragindako mugimenduak eragina izan du herrian: «herriko lau neskek esku-pilotan izena eman dute».   Elkarren babesa izan liteke neskek kirolean beren tokia hartu ahal izateko garatu beharreko lanabesa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun