Mendialdeko azoka eginen dute igande honetan Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 5a, 08:00

2012an Goizuetako plazan eginiko azoka.

Herriko eta inguruko nekazari eta artisauek parte hartuko dute Goizuetako Udalak eta Cederna Garalur elkarteak antolatutako azokan. Nekazarien eta artisauen lanak ikusteko eta erosteko postuak paratuko dituzte, baina ez da aziendarik izanen. 

Egoera tarteko azaroko Azoka Egun handia bertan behera utzi behar izan badute ere, udalak eta Cederna Garalur elkarteak elkarlanean mendialdeko azoka antolatu dute igande honetarako, azaroaren 8rako. Guztira 25 postu izanen dira eta horietan barazkiak, gazta, garagardoa, ukenduak, eskulanak, joareak, zeramika lanak, bitxiak... izanen dira. Azokak bertako ekoizleen salmenta sustatzea du helburu eta aldi berean, salmenta zuzena egiteko bide eman nahi diete ekoizleei.

Eguraldiak laguntzen badu, azoka herrian barna zabalduko dute, eta udaletik adierazi dutenez, norabide bakarrean ibili ahal izanen da, zirkuitu moduan, herriko plazatik hasi eta Santa Maria kalean barrena. Aitzitik eguraldiak laguntzen ez badu, beheko frontoian eginen da. 10:30etik 14:00etara egonen da zabalik eta edukiera ere mugatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun