Leitzan prest daude Errigora kanpainarekin hasteko

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 29a, 17:00

Leitzako herritarrak Errigora kanpaina prestatzen.

Beste urte batez, Leitzan ere bultzada bat eman nahi diote Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainari, aldi honetan hainbat berritasun dituen kanpaina. Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko dituzte, urriaren 24an hasi eta azaroaren 12ra arte eta, iaz bezala, jasotakoaren %25 Nafarroako euskalgintzara bideratuko dute.

Errigora kanpaina Leitzara iritsi da eta, beste urte batez, hainbat herritar prest daude euren laguntza emateko. Aurten, hiru eskari mota egin daitezke.

  • Beltza (betikoa), 50 euroko balioa duena, kanpaina honetako saski klasikoa.
  • Berdea (ekologikoa), 60 euroko balioa duena, produktu ekologikoz osatua.
  • Zuria (berezia), 70 eurokoa, gutiziaz osatua.

Saski bakoitzari 5 euro gehituz gero, hau da, saski beltza eta Korrikaren katilua eskatuta (55 euro), 12,50 euroko ekarpena eginen zaio euskalgintzari eta 5 eurokoa AEKri; saski berdea eta Seaskaren egutegia eskatuta (65 euro), 15 euroko ekarpena euskalgintzari eta 5ekoa Seaskari; saski zuria eta haziak eskatuta (75 euro), 17,50 euroko ekarpena euskalgintzari eta 5ekoa Sortzeni.

Eskaerak eta ordainketak online egin daitezke, errigora.eus webgunean. Horrela moldatzen ez denak, herrian banatu dituzten eskuorrien bitartez egin ahal izanen du eskaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun