30 lagunek eman dute izena Goizuetako Umore Ona pilota eskolan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 29a, 20:00
Aurten estreinakoz, nagusien mailan, lau emakumezko hasi dira pilota eskolan.

Antton Apezetxea, Igor Apezetxea eta Angel Salaberria entrenatzaile dituztela hasi dute denboraldia Goizuetako pilota eskolan. Bost eta 20 urte bitartekoak dira gehienak, eta horiei aurten estreinakoz nagusien mailan hasi diren lau emakumezko batu zaizkie: Ainhoa Zabaleta, Mayi Zelarain, Maria Eskudero eta Irati Arozena. Astearte eta ostegunetan 19:30ean biltzen dira entrenatzeko.

Astelehenetan, Antton Apezetxearekin biltzen dira, aurrebenjaminak, 5 eta 7 urte artekoak, 16:00etatik 16:45era eta 8 urtekoak, benjaminak, 16:45etik 17:30era. Aurreneko taldean bost haurrek eman dute izena eta bigarrenean beste bostek.

Asteartetan hainbat entrenamendu saio egiten dituzte. Alde batetik, Antton Apezetxearekin, 16:00etatik 16:45era 9 urteko hiru neska-mutiko eta 10 urte dituen beste bat –alebinak– biltzen dira pilota goxoarekin aritzeko. Ondotik, Apezetxearekin hauek ere, 16:45etik 17:30era pilota mistoarekin aritzen dira 10 urtekoak, alebinak hauek ere. Bestetik, Igor Apezetxea entrenatzaile dutela, 17:30etik 18:15era alebinen eta infantilen mailako hiru haur biltzen dira, 10 eta 12 urte artekoak. Ondotik, 19:00 arte, eta Igor Apezetxea entrenatzaile dutela, kadeteen mailako bi gaztetxo aritzen dira. Nagusiak 19:00etan hasten dira, 19:00etatik 19:45era bi lagun eta ondotik, 20:30 arte, aurten estreinakoz hasi diren lau emakumezkoak.

Ostegunetan Angel Salaberriak hartzen du entrenatzaileen lekukoa eta hainbat saio egiten ditu: 15:45etik 16:30era aurrebenjaminak pilota goxoarekin, 16:30etik 17:15era aurrebenjaminak eta benjaminak pilota goxoarekin, 17:15etik 18:00etara benjaminak eta kimuen mailakoren bat pilota goxoarekin, 18:00etatik 18:45era kimuak pilota mistoarekin, 18:45etik 19:30era kimuak eta infantilen mailako bat pilota mistoarekin, 19:30etik 20:45era nagusien mailako emakumezkoak.

Gainerakoan, komisioan, Leire Alsuak (diruzaina), Lurdes Loiartek (idazkaria), Asier Lujanbiok (lehendakariordea) eta Igor Elizegik (lehendakaria) segitzen dute lanean eta TTIPI-TTAPAri adierazi diotenez, entrenamenduez gain, bosgarrenez, herri mailan Umore Ona pilota txapelketa antolatzeko asmoa dute. Baina gehiago ere bai. Mendialdeko klubekin entrenamendu bereziak –haurren mailatik gora– eta  txapelketak antolatzen dituzte. Hain zuzen, buruz burukoaren barne bost jardunaldi eginak dituzte eta osasun egoeraren arabera, berriz hastekoak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun