Kamera ilunean oinarritutako proiektua garatzen ari dira Aranon

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 16a, 20:00
Irailaren 27an aurkeztu zuten kamera ilunaren prototipoa Aranon.

Herritarrek, Nader Koochaki artistarekin batera, landu duten proiektua urri bukaeran edo azaroan egina egotea espero dute

Nafarroako Gobernuak landa-ingurunean artea eta kultura sustatzeko antolatu ohi duen Landarte 2020 proiektuan parte hartzeko aukeratua izan zen Arano. Hortaz, Beire, Bidankoze, Lizoainibar/Arriasgoiti, Mendaza/Berrotzako Arana eta Sadarreko herritarrak bezala, programan murgilduta dabiltza aranoarrak.

Sorkuntza garaikideko proiektu bat garatzen ari dira, artista batekin elkarlanean, eta epe ertainean garatuko da. Horren bidez, aranoarrek herriko ondareari balioa eman eta tokiko nortasuna indartu nahi dute.

Aurkezpena eta bisita

Uztailean, herritarrekin bilera irekia eginez eta proiektua aurkeztuz, hasi zuten bidea eta horren ondotik, hilabete bukaeran, bi dinamizatzaileren, Anne Ibañezen eta Marc Badalen, bisita izan zuten herrian. Herria eta inguruko mendiak bisitatu zituzten eta, herritarrei (baserritarrei, haurrei...) galderak egiten aritu ziren.

Nader Koochaki

Aranoren ezaugarriak eta beharrak aztertu ondotik, dinamizatzaileek bideoaren, argazkiaren eta soinuaren alorrean aditua den Nader Koochaki artista bideratu zuten herrira. 

Irailean, hainbat egunez, herritarrak Koochakirekin proiektua lantzen aritu ziren. Azken igandean, irailaren 27an, egin zuten proiektuaren aurkezpena eta bertan azaldu zutenez, Aranoko puntu altuenetariko batean kamera ilunean oinarritutako kutxa bat jartzeko ideia bururatu zaie. Horrela, gainazalean egindako zulo txiki batekin, irudi bat proiektatu nahi dute. Esperientzia honekin lotura duen artelan bat lantzen ari dira.

Orain, proiektua hitzetik egitera pasatzeko, artista ideiak arkitekto batekin lantzen ari da eta, ondo bidean, azaroan eginda egotea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun