Plazaolako geltokiari erabilera emateko aukerak aztertzen ari dira Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 16a, 14:00

Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta Mikel Zabaleta alkatea Plazaolako geltokia ikuskatzen.

2016an, Ederbideako dirulaguntzak baliatuz, Leitzako Udalak Plazaolako geltokiari eta ondoko biltegiari buruzko proiektu bat eta bideragarritasun plan bat egin zituen. Proiektuan gune horietan egiteko hainbat zerbitzu aurreikusi zituzten: kafetegia, aterpetxea, bertako produktuen salmenta puntua, bizikleten alokairu zerbitzua, autokarabanen parkinga...

Proiektua parte-hartze bidez zehaztu zuten, turismo mahaieko kideek landu zutelarik, eta hainbat hobekuntza proposatu zituzten. Adibidez, duela gutxi biltegiari emandako bigarren solairua, Turismo Mahaitik ateratako hobekuntza izan zen.

Orduz geroztik, Leitzako udalak eraikin horien eta estazioko partzela ematea eskatuz kudeaketak eta bilerak egin ditu.Nafarroako Gobernua teknikoki aztertzen ari da, eta datozen hilabeteetan erantzuna izanen dutela espero dute.

Udalak erabilera emateko aukerak aztertuko ditu, «proiektu ederrak gauzatzeko potentzial handiko gunea» delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun