Leitzako baserrietan Interneteko banda zabala eskaini ahal izateko lanean ari dira

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 15a, 18:00
Kalean etxe gehienetara zuntz optikoa hedatu den bezala, orain Leitzako baserrietara zabaldu nahi dute.

Dena ongi badoa, datozen hilabeteetan zerbitzua eskuragarri izatea espero dute. Kalean zuntz optikoa etxe gehienetara zabaldu ondotik, baserrietan eta zuntz optikorik gabe geratu diren etxeen egoera moldatzeko garaia iritsi da. Orain, banda zabala herri osoan eskuragarri izateko saiakera egiten ari da Leitzako Udala, herriko garapenean, «garrantzitsua» baita telekomunikazio azpiegituretan herritarrak baldintza berdinak izatea, eta ildo horretan aurrera egiteko proiektu bat garatu nahian dabiltza.

Seinalea zabaltzeko lanean

Honela, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa den Nasertic-en aholkularitzarekin eta telekomunikazio arloan diharduen Wikai izeneko enpresaren laguntzaz, irrati-frekuentzia bidez Interneteko seinalea baserri auzoetara zabaltzeko ahalegina egiten ari da Leitzako udala.

30 mega baino gehiago etxe eta baserri gehienetan

Telebistako antena eta auzoetan dauden errepikagailuak baliatuz, banda zabaleko Internet seinalea, hau da, 30 mega baino abiadura handiagoko seinalea eskaintzea posible izanen dela espero dute, herriko etxe eta baserri gehien-gehienetan.

Nasertic, Wikai eta Leitzako Udalaren arteko hitzarmen bat adosten ari dira momentu honetan eta, dena ongi badoa, datozen hilabeteetan aipatutako zerbitzua eskuragarri izatea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun