Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako lehen kanporaketa jokatuko dute urriaren 18an Araban

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 15a, 13:00
Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketan 33 aizkolarik eman dute izena. Lehen kanporaketa hamaikak jokatuko dute igandean Elburgon.

Elburgo herrian (Araba) lehiatuko dira igandean hamaika aizkolari, tartean Julen Olano leitzarra, finalerako bi txartelen bila

33 aizkolarik izena eman dute aurtengo Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketan aritzeko. Hori dela eta, hiru kanporaketa eginen dira. Kanporaketa bakoitzean lehenengo bi postuetan sailkatzen diren aizkolariak finalerako. Oraindik zehaztu gabe dago non eta noiz eginen den finala. Lehen kanporaketa urriaren 18an, igandean 12:00etan jokatuko dute Elburgon (Araba) hamaika aizkolarik, tartean Julen Olano leitzarrak. Bakoitzak lau kanaerdiko (54 ontzakoak) moztu beharko ditu.

Nafarroako ordezkaritza Julen Olano Zabaleta leitzarrak, Arribeko Txomin Amundarain Orbegozok eta Arostegiko Xuban Kañamares Ibarrak osatuko dute. Beraiekin batera, Aritz Oregi Beaskoetxea, Beñat Lekue Etxebarria eta Xabier Gartzia Aginako bizkaitarrak; Ibon Garaiburu Zubillaga, Jokin Alkizalete Urkola eta Jokin Urretabizkaia Berasategi gipuzkoarrak eta Asturiasko (Espainia) Daniel López García eta David Naredo Hevia lehiatuko dira.

Hurrengo bi kanporaketak urriaren 24an eta 25ean

Igande honetako lehenbizikoaren ondotik, hurrengo asteburuan, urriaren 24an eta 25ean jokatuko dituzte bertze biak, hauek ere Araban.

Larunbatean 18:30ean, Aguraingo pilotalekuan ariko dira hamaika aizkolari: Nafarroako bi ordezkari izanen dira, Beintza-Labaiengo Jon Telletxea Juanena eta Etxarri Aranazko Goizeder Belza Igoa. Beraiekin batera, bortz gipuzkoar (Jon Esnal Odriozola, Markel Zapiain Mujika, Suharri Rodriguez Salaberria, Unai Otaegi Saizar eta Urtzi Olasagasti Korta) eta Segoviako (Espainia) bertze lau aizkolari ariko dira: Alvaro García Hoyuelos, Hermenegildo Herrero González, Marco Nevado Jabonero eta Emilio Garcia Herranz.

Igande eguerdiko hamabietan Aramaion ariko dira hiru aizkolari nafar (Berako Oier Larretxea Agirre, Arribemo Ibai Soroa Mugertza eta Uharte Arakilgo Iker Gorriti Borreguero), Arabako Luis Polanco Aldasoro, Bizkaiko Beñat Amade Fullando eta Mikel Agirre Unamuno eta Gipuzkoako Aitor Urteaga Aldasoro, Axel Larrañaga Barrenetxea, Iñigo Landa Larrañaga, Unai Zabala Zubelzu eta Julen Aranberri Ocaña.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun