'Herrigabetuak' jardunaldien baitan mahai-ingurua Leitzan urriaren 8an

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 6a, 14:00

Herrigabetuak izenburupean, herrien despopulazioa eta biztanleriaren gehiengoa hirietan biltzeak landa eremuetako ondarean duen eragina aztertzea izanen du helburu.

Ondarea ikuspegi anitzetatik aztertzea eta honen inguruan eztabaidatzea helburu duen Ondarea, Paisaia eta Globalizazioa izeneko jardunaldiaren seigarren edizioa eginen du aurten ere Nabarralde Fundazioak, urrian, Nafarroako hainbat tokitan. Herrigabetuak izenburupean, herrien despopulazioa eta biztanleriaren gehiengoa hirietan biltzeak landa eremuetako ondarean duen eragina aztertzea izanen du helburu.

Gaiaren inguruan eztabaidatzeko hainbat sektoretako adituak bilduko dituen jardunaldi nagusia urriaren 16an eta 17an eginen dute Iruñean, baina bestelako ekitaldiak ere eginen dituzte hiriburutik kanpo. Hain zuzen, Leitzan eginen dute aurrenekoa, urriaren 8an.

Egun horretan, Nafarroako hainbat eremutako lau alkate mahai-inguru batean bilduko dituzte, 19:00etan udaletxeko batzar aretoan. Nafarroako herriak etorkizunari begira izenburupean, David Campion (Olloko alkatea), Amparo Viñuales (Erronkariko alkatea), Josepe Irigarai (Auritzeko alkatea) eta Koldo Leoz (Lizarrako alkatea) arituko dira eztabaidan, euren eremuak bizi duten egoera aztertzen.

Mahai-ingurua zuzenean

Saioa irekia izanen da baina koronabirusa tarteko, edukiera mugatua izanen da. Bestalde, iragarri dutenez, urriaren 16ko eta 17ko hitzaldiak eta Leitzako mahai-ingurua streaming bitartez jarraitu ahal izanen dira Nabarralderen Youtube kanalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun