Artikutzan hiru bisita gidatu eginen dituzte urrian

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 2a, 11:00
Artikutzako basoak eta errekastoak zeharkatu beharko dituzte.

Urrirako hiru bisita gidatu antolatu ditu Artikutza naturak. Lehenengoa igande honetan izanen da, urriaren 4an. Zailtasunik gabekoa izanen da ibilbidea, zati gehiena bide lauetatik eta pista batetik egingo dute. Irteera honetan Enobietako presa zenari buelta emango diote.

Hurrengo irteera urriaren 18an izango da. Kasu honetan ez dira Artikutzako sarreran geldituko, Arriurdiñetan baizik. Arriurdiñe Artikutzaren hegoaldeko sarrera da, eta egun honetan Artikutzan emandako industrializazioa azalduko da: burdinola zaharrenak, trenaren arrastoak, minak, harrobiak eta abar. Gainera, inguru hauetara heltzeko Artikutzako basoak eta errekastoak zeharkatu behar dira, horrela, bisitariak, inguru natural honek duen garrantziaz jabetuko da.

Hilabeteko hirugarren eta azken irteera, urriaren 25ean egingo dute. Ohikoa baino luzeagoa izango da. Beltzuntzaraino igoko dira bidean pagadi ederrak, hariztiak eta zenbait landaketa zeharkatuz. Ibilbide hau, udazkeneko koloreez gozatzeko aproposa da.

Covid-19aren eraginigatik irteera guztiak segurtasun neurriak betez egingo dira. Ibilbideetan maskara eramatea derrigorrezkoa da. Izen-ematea Donostiako Udalaren webgunean eta 679 61 30 16 telefono bidez –deituta edo Whatsapp mezua bidalita– egin daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun